Sormen egonaldien bigarren deialdia ireki du berriro Kulturazek

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 5a, 12:11

Garazi Navas eta Maite Aizpurua, joan den otsailean, Dinamoan egindako sormen egonaldian. (Kulturaz)

Ekainetik uztailera ireki zuten lehendabizi 2025eko bigarren deialdia, eta orain martxan jarri dute berriz izen ematea, irailaren 28a arte.

2025eko sormen egonaldietan izena emateko bigarren deialdia berriro ireki du Kulturaz kooperatibak. Ekainetik uztailera ireki zuten lehendabizi urteko bigarren deialdi hori, eta orain martxan jarri dute berriz izen ematea. "Ikasturtea ideia eta proiektu berriekin hasi duen sortzaile horietakoa bazara, hau da zure aukera! Argi dago atsedena beharrezkoa dela sormen lanerako, horregatik, uztailean itxi genuen sormen egonaldien izen ematea zabaldu dugu berriro", diote antolatzaileek.

Horrela, Dinamoa sormen gunean beren proiektuak ontzeko espazioa eta tartea hartu nahi duten sortzaileek gaurtik irailaren 28a arte dute izena emateko aukera. Hilaren 30ean esango du Kulturazek zer proiektuk egingo dituzten egonaldiak, eta urritik 2026ko urtarrilaren hasiera bitartean gauzatuko dituzte horiek.

Hiru egonaldi mota eskaintzen ditu Kulturazek: Harri –egonaldi osoa, proiektu bati prozesu sakona eskaini nahi dioten artistentzako, Orri –egonaldi sinplea edo malgua– eta Ar –antzerki sormen egonaldia–. Esteka honetan daude deialdiaren oinarriak; eskaera orriak eta informazio osagarria, berriz, Kulturazen webgunean eskura daitezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide