Sierben komentuaren eta haren lurren jabe da dagoeneko Azpeitiko Udala. Joan den ekainean salerosketarako akordioaren berri eman ondoren, gaur sinatu dute salerosketa hori notaritzan 2024ko udaberrian komentua utzi zuen Mariaren Sierben kongregazioaren ordezkariek eta Nagore Alkorta alkateak, Azpeitiko Udalaren izenean.
"Oso pozik gaude, herriaren erdigunean dagoen eraikin bat eta eremu handi bat eskuratu dituelako udalak, herritarren onurarako erabiltzeko asmoz", esan du Alkortak. Artzubia hiribidean dagoen komentuak 3.254 m2 ditu eraikita, eta komentua eta inguruko berdegunea kontuan hartuta, 9.735 m2 hartzen ditu orain udalaren esku gelditu den eremu osoak –1.444 m2 komentuaren eraikinak eta 8.291 m2 inguruko lurrek–, udalak emandako datue arabera. Azpeitia Berritzenen bidez egin du erosketa udalak, eta bi milioi euro ordainduko ditu.
Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) arabera, Sierben komentuaren eremuak ekipamendu erabilera izan behar du; osasun, gizarte, kultur, administrazio eta beste hainbat motatako ekipamenduak jartzera bideratu beharko litzateke, alegia. Ekainean aurreratu bezala, hiri planeamenduan aurreikusitako erabileraz haragokorik ez dutela aurreikusten berretsi du gaur alkateak. Hain zuzen ere, duela bi hilabete pasatxo adierazitakoa errepikatu du, gutxi gorabehera, Alkortak: "Uste dugu eremu horrek herri proiektu interesgarri bat garatzeko aukera emango digula. Hasita gaude lehen harremanak izaten, eta ea laster xehetasun gehiago emateko moduan garen".
Sierben eremua, irudietan
Sierben salerosketa gauzatu duten egun berean zabaldu du Azpeitiko Udalak bideo hau, alkatearen azalpenekin eta udalak bereganatu berri dituen eraikina eta eremua erakusten duten irudiekin: