Duchenne Gaixotasunaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Eguna da gaur, eta egun horrekin bat eginez kolore gorriz jantzita elkarretaratzea egin dute Azpeitiko plazan, 18:00etan. Kolore gorria da Duchenne gaitzaren kolorea.
Azpeitian nahiz Azkoitian gaitz hori duten herritar bana dago eta, beraz, udalerri horietako herritarrak elkartu dira Azpeitiko plazan gaixotasun horren inguruko kontzientziazioa zabaltzeko helburuz. Zehazki, giharretako distrofia pairatzen dute Iren Reyes azpeitiarrak eta Lucas Chaves azkoitiarrak. Haur horien familiek adierazi dute gaitz horrek oraingoz ez duela sendabiderik, eta "behin betiko erremedioa" iritsi bitartean, "babes gehiago" behar dutela gaixotasuna duten haurrek kalitatezko bizitza izan dezaten.