Pentsio duinen aldeko mobilizazioei berrekin diete pentsiodunek

Nerea Uranga 2025ko ira. 8a, 12:51

Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunen mugimendukoen elkarretaratzea gaur. (Nerea Uranga)

Gaur egin dute udako etenaren ondorengo lehen elkarretaratzea plazan Azpeitiko pentsiodunek eta jubilatuek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren herri ekinaldi legegilea atzera bota izana kritikatu dute, mobilizazioekin segituko dutela iragarriz.

Udako etenaren ondoren, pentsio duinen aldeko asteleheneroko elkarretaratzeei heldu diete berriro Azpeitiko pentsiodunen eta jubilatuen mugimenduan dabiltzanek. Ohi bezala, plazan elkartu dira 12:00etan. Haserre agertu dira elkarretaratzean bildu direnak, izan ere pentsio txikiei osagarria emateko Eusko Legebiltzarrean sartutako herri ekinaldi legegilea atzera bota du Eusko Jaurlaritzak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 145.142 lagunek sinatu zuten pentsio txikiei osagarria emateko eskaria, horietatik Azpeitian bildutako sinadurak 1.192 izan ziren. Sinadura horiek denak Eusko Legebiltzarrera eraman zituzten maiatzean, eta joan den asteartean, herri ekinaldi legegilea tramiterako onartzearen kontra azaldu zen Eusko Jaurlaritza. Erabaki hori kritikatu egin dute pentsiodunen mugimendukoek hil honetarako hainbat mobilizazio iragarriz, eta horietako bat da gaur egin duten elkarretaratzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide