Martxoaren 28an jokatuko dute 33. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Andoni Elduaien 2025ko ira. 8a, 13:04

Yator, iazko irabazlea, helmugan. (Andoni Elduaien)

Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen probaren 33. edizioaren data jakinarazi dute Diego Garciaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaileek. 

Datorren urteko Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren data ofiziala jakinarazi dute gaur, astelehena, proba horren antolatzaileek: 2026ko martxoaren 28an, larunbatez, jokatuko da Diego Garciaren oroimenezko lasterketa. Kirola eta festa uztartuz Garcia zena omentzea dute xede, beste behin, Xeye atletismo taldeko antolatzaileek. 

Izen-emateak azaroaren 1ean irekiko dituztela ere jakinarazi dute. Maratoi erdiaz gain, 8 kilometroko lasterketa motza ere egingo dute aurten ere, parte hartzea herritar gehiagoren artean zabaltzeko asmoz. Proba Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Atletismo Federazioaren egutegietan sartu dutela jakinarazi dute probaren antolatzaileek; World Athletics erakundeari eskaera egitea da hurrengo urratsa. 

"1994. urtetik, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia euskal atletismoaren erreferente nagusietako bat bihurtu da. Kalitatezko atletismoa eta herri parte hartzea uztartuz, nazioarteko izaera indartzen segitzea da helburua", nabarmendu dute antolatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide