Erretratua

Joane Korta: "Futbolean hasi nintzenetik mailaz igotzea dut amets"

Anitz Urkizu 2025ko urr. 23a, 08:30

Joane Kortaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Bizkarrean 10 zenbakiarekin jokatzen du Lagun Onak futbol taldearekin. Taldeko beteranoetako bat da, baita azken bi sasoietako goleatzailea ere. Futbola bere bizitzaren zati da, diziplina eta konpromisoa oinarri hartuta aritzen da kirolean. Berea Erretratua iraileko Azpeitia Guka aldizkarian.

Lagun Onak taldeko beteranoetako bat da gaur egun Joane Korta (Azpeitia, 1999), baita taldeko azken bi denboraldietako pitxitxia edo goleatzailea ere. Diziplina eta konpromisoa oinarri hartuta, bere kirol ibilbidea pasioz bizi du. Nahiz eta noizbait goi mailako futbolean lehiatu duen, betikoekin, herrian, bere tokian, disfrutatzen du gehiena. Izandako esperientziez gain, kirolaren, harremanen eta diziplinaren inguruan asko ikasi du futbolean.

Lehen Hezkuntzan saskibaloia eta futbola praktikatu zituen eskola kirolean Kortak, baina azkar ohartu zen futbolean hobeto moldatzen zela. "Gehiago motibatzen ninduern futbolak", dio. 12 urterekin hasi zen Ikasberriko talde federatuan, eta lau urtez aritu zen bertan, taldea desegin zen arte. Orduan hasi zen Lagun Onak taldean. 2022an, berriz, pausoa eman eta Oiartzunera joan zen denboraldi batez jokatzera, Emakumeen Maila Nazionalean. "Esperientzia ona izan zen, erronka handi bat", azaldu du. Beste diziplina bat, beste exijentzia maila bat ezagutu zuen han, eta batez ere, herritik kanpo egotea zer den, betikoengandik urruti.

Erronka moduan hartu zuen Oiartzungo esperientzia, nahiz eta hasieran "bertigo puntu bat" eragin zion: "Pentsatzen nuen: 'Joango naiz eta jokatuko ote dut? Maila emango al dut?'. Baina aukera aprobetxatzea erabaki nuen". Ez zen damutu hartutako erabakiaz, irakaspen asko bildu eta harreman oso politak egin zituelako. Hala ere, argi du: "Oiartzungo esperientziaren balorazioa positiboa da, baina ni erosoago sentitzen naiz herrian, betikoekin". Goragoko mailan egonagatik, ez zuen gehiago disfrutatzen: "Ez dut era horretan ikusten futbola".

Etxetik urrun izan zuen esperientzia hartan, lesio batekin ere egin zuen topo. "Inoiz ez dut min hartu, eta hara joandakoan izan behar zuen. Ez zen egoera erraza izan, baina gainditu eta aurrera egin nuen. Nire lekua aurkitu nuen". Hala ere, nahikoa izan zuen urtebete etxetik kanpo egoteko.

Kirola bere bizitzaren parte izan da betidanik, baina futbolean zerbait berezia aurkitu duela dio. "Ez zait gustatzen errutinatik kanpo ibiltzea. Futbolak finkotasuna ematen dit: entrenatzeko orduak, diziplina... Antolatua naiz alde horretatik". Errutinarik gabe ere kirola egin behar duela sentitzen du: "Gorputzak eskatzen dit, burua arintzeko".

Ikasberriren kadete mailako taldean. Eserita, ezkerretik hasita bosgarrena da Joane Korta. (Utzitakoa)

Une berezienez galdetuta, ez du zalantza izpirik egin. COVID-19aren garaian bizitakoa ekarri du gogora, emozio puntu batez. Pandemia zela-eta liga etenda, talde gutxi batzuk soilik lehiatu ziren, eta irabazten zuenak mailaz igotzea lortu zuen. "Partida guztiak irabazten hasi ginen, asteburuero. Taldea oso batuta zegoen, eta pandemia garaian futbola bihurtu zen gure ihesbidea. Afaltzera joaten ginen partiden ostean, giro berezia zegoen". Azken partidan, ordea, mailaz igotzeko aukera galdu zuten gol bakar batengatik. "Oso mingarria izan zen, baina denboraldi hura beti izango dut gogoan".

Zaharrenetakoa da gaur egungo taldean, eta badaki ez dela erraza neskek urte luzez futbolean jarraitzea: ikasketak, lana... guztiak uztartu beharra dago. Berak, hala ere, ongi asmatu izan du bide hori egiten: "Taldeari exijitzeko, lehenik norbere buruari exijitu behar zaio".

Emakumezkoen futbolaren egoera ere izan du hizpide; orokorrean, baliabideetan ikusten du aldea Kortak. "Ez da berdina jasotzen: entrenatzaileak, zelaiaren erabilera, materiala, ordutegiak... Oraindik alde handia dago gizonen eta emakumeen futbolaren artean". Hala ere, aurrerapausoak nabari ditu, baita emakume erreferente gehiago daudela ere.

Buruko osasunaren eta elikaduraren garrantziaz ere hitz egin du, konbentzimenduz: "Zelaian berehala nabaritzen da nola zauden mentalki. Zeure buruarekiko duzun konfiantza islatzen da". Elikadura ere erabat lotuta dago azpeitiarrarentzat kirolarekin. Partiden aurretik karbohidratoak eta proteina jaten ditu, eta fruta, beti. "Atsedenaldian beti jaten dut platano bat, ezinbestekoa da", dio barre artean.

Lehen lerroan –eskubitik hasita, bigarrena–, Lagun Onaken entrenamendu saio batean. (Lagun Onak FT)

Kirolaz haratago

Bere ametsik handiena taldearekin mailaz igotzea dela aitortu du. Aspalditik du mugarri hori buruan, eta COVID-19aren garaian izan zuten aukera ez du ahaztu oraindik. "Ia lortu genuen mailaz igotzea, arantzatxoa daukat iltzatuta. Hasi nintzenetik dudan ametsa da hori". Hala ere, emaitzak baino gehiago, prozesu osasuntsu bat egitea da bere helburua: "Garrantzitsuena denboraldi ona egitea da, asetasun pertsonala zein kolektiboa lortzea. Behin hori lortzen bada, emaitzak helduko dira".

Bide horretan, taldearen barne funtzionamendua funtsezkoa dela nabarmendu du: "Ez da erraza izaten taldekide bakoitzak talde barruan izan behar duen rola aurkitzea. Baina hori ondo egiten asmatzen bada, dena askoz errazagoa da". Kortak konpromisoa eta diziplina jartzen ditu lehen lerroan. "Txantxak eta barreak beharrezkoak dira, baina diziplina ere bai. Batak bestea ez du kentzen", azaldu du. Horrez gain, laguntasuna balio preziatua da beretzat, ez zelaian bakarrik, baita zelaitik kanpo sortzen diren harremanetan ere. "Entrenamenduak hasi aurretik eta amaitu ondoren sortzen den giro hori... Nik horri ematen diot benetako balioa".

Partiden aurretik, musika entzuten dute aldagelan; ez erritual sakratu gisa, baina bada taldearen artean lotura bat sortu duen elementua: "Pasa den urtean Sin preocuparme kanta entzuten hasi ginen. Eta ordutik, entzuten dugun bakoitzean, edonon dela ere, taldearekin lotzen dugu".

Bere ingurukoek, familiak eta lagunek, garrantzi handia izan dute bere bidean. Etxekoek hasieratik animatu izan dute futbolean jarraitzera. Kuadrillakoek ere badute beren tokia, nahiz eta futbola plan askoren gainetik jarri behar izan duen maiz. Hala ere, hiru lagunek talde berean jokatu izan dute, eta horrek ilusio berezia eragiten dio.

Asko disfrutatu du futbolaz, eta disfrutatzen jarraitzen du, baina argi dauka ez dela urte askotarako izango. Askatasuna, ihesbidea, bizitzako funtsezko zutabea, izan da futbola Kortarentzat. Beldur bat ere baduela aitortu du: "Zaila izango da futbolak bezainbeste beteko nauen zerbait aurkitzea". Talde kirol horrek lagunak, oreka eta lehiaren ilusioa eman dizkio. "Partiden tentsioa, emozioa... horren falta sumatuko dut gehien". Eta hori gertatzen denean, ziur da: "Joango naiz partidak ikustera, eta seguruenik inbidia pixka bat pasatuko dut".

Korta, Garmendipen. (Anitz Urkizu)

Motzean

Adina: 25 urte.
Ikasketak: Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntza (LEINN).
Lanbidea: Pertsonen kudeaketa eta garapena.
Futbolaria ez banintz… Txirrindularia izango nintzateke.
Futboletik kanpo gogoko dut… Jatea, gastronomia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide