Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak larunbatean ekin zion Espainiako Hirugarren Mailako ligari, eta ezin esan hasiera ona izan zenik. Jose Luis Riberaren taldeak Aurrera Vitoriaren kontra jokatu zuen lehen jardunaldiko norgehiagoka, kanpoan, alegia, Gasteizko Olaranbe futbol zelaian, eta 3 eta 1 galduta, esku hutsik bueltatu ziren Azpeitira.
Lagun Onakeko jokalariak gogotsu atera ziren zelaira eta lehen zatian baloiaren jabetza nabarmena izan zuten. Etxekoak atzean sartuta egotera behartu zituzten, baina nolakoa den futbola, lehen zatian sortutako gol aukera bakarra baliatzen asmatu zuten Aurrerako jokalariek. Atsedenaldira iristeko minutu gutxiren faltan, etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen epaileak, eta ez zuten hutsik egin. Horrela, 0 eta 1ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, markagailuan zuten abantailari eusteko saiakeran aritu ziren arabarrak, eta behin-behineko emaitzari buelta emateko ahaleginetan Lagun Onakekoak. Alferrik izan zen, ordea. Atzelariak ez ziren oso fin ibili euren aterantz zihoazen bi baloi urruntzeko orduan, eta beste bi gol jaso zituen Riberaren taldeak. 3 eta 0ekoarekin partida erabakita gelditu zen, baina, gutxienez, emaitza txukuntzea lortu zuen Azpeitiko taldeak, partidaren azken minutuetan Unax Uriak sartu zuen golari esker.
Datorren larunbatean, 18:00etan hasita, Garmendipen jokatuko du Lagun Onakek Alavesen kontra. Zaleen aurrean itxura hobea emateko aukera polita izango du taldeak.
Bigarren lagunartekoan, kale
Emakumeen lehen taldeak lagunarteko bigarren partida jokatu zuen larunbat arratsaldean Garmendipen, Anaitasunaren kontra, eta emaitza ikusita, ezin esan Lagun Onakekoentzat arratsalde atsegina izan zenik; izan ere, zazpi gol jaso zituzten etxekoek, eta ez ziren bat bera ere sartzeko gai izan. Aipatzekoa da, hala ere, Azkoitiko taldeak maila bat gorago lehiatzen duela; hain zuzen ere, Euskal Ligan jokatzen du Anaitasunak, eta Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek.