Klik!

Txorien edertasuna, gertutik

Maialen Etxaniz 2025ko urr. 27a, 09:06

Juan Mari Ibarzabalek (Azpeitia, 1954) eskarmentu handia du argazkilaritzan, baina azken urteetan txorien edertasunean jarri du arreta. Espainiako hainbat parajetan txoriei azken hilabeteotan egindako argazkietako batzuk elkarbanatu ditu Gukarekin, iraileko aldizkariko Klik! erreportajerako.

Txori txikien zalea

Juan Mari Ibarzabalek urte ugari daramatza afizioz irudien munduan murgilduta. Argazkigintzan urteak egin dituen arren, ez du betitik hegaztietan arreta jarri. 2005 inguruan hasi zen hegaztiei argazkiak ateratzeko prestatzen, betitik gustatu izan baitzaizkio naturari lotutako irudiak. 2013an egin zuen hegaztien inguruko lehen erakusketa, baina azken urteetan ere txorien jarduna gertutik behatzen jarraitu du. 

Ibarzabalen hitzetan, "ez da arraroa gure inguruan harraparien hegaldiak ikustea". Besteak beste, miruak, arranoak eta zapelatzak ikus daitezke bazterrotan, baina horiez gain, "sarraskijaleen planeoa" ere ohikoa da, eta putreak, sai zuriak nahiz ugatzak ikus daitezke. Ibarzabalek "hegazti dotore eta indartsu horien" irudi asko ditu bere argazki artxiboan, bi hamarkadatik gora baitaramatza hegaztien edertasuna klik batekin jasotzen. Azken urteotan, ordea, nahiago izan du txori txikiei –paseriformeei– argazkiak ateratzea: "Ikaragarri gustatzen zait zein koloretsuak diren ikustea. Hori bai, batzuetan ni urduri jartzea lortzen dute, ez baitira geldirik egoten". Txori horietako batzuen argazkiak eta ezaugarriak elkarbanatu ditu aldizkariaren zenbaki honetan.

 

Buztanzuri arrunta

Hegazti txiki honek itxura dotorea du, eta isatsa da haren bereizgarria. Europan eta Asian asko ikus daiteke. Iberiar penintsularen iparraldean ere ohikoa da. Hegoaldean, berriz, mendietan soilik ikus daiteke. Eremu irekietako biztanle tipikoa da, eta mota guztietako ingurune deforestatuetan ikus daiteke: dunak, larreak, harkaitzak, sastraka baxuko eremuak... Argazkilari azpeitiarrak Europako Mendietan atera zuen goiko argazkia, joan den ekainean.

 

Txinbo burubeltza

Sylviidae familiako hegazti paseriformea da txinbo burubeltza, eta 13 cm inguruko luzera du. Lehen begiratuan txinbo kapirotatuaren antz handia izan dezakeen arren, bi espezieak oso erraz bereizten dira. Txinbo honen mokoa beltza da eta beheko masailezurraren oinarria argiagoa du. Gainera, begi-eraztun gorri deigarria du. Txori mota hau ohikoa da Iberiar penintsularen hegoaldean eta Balear Uharteetan. Ibarzabalek otsailean Kantabrian (Espainia) ateratako argazkia da goiko hau.

Zata arrunta

Ibarzabalek ekainean Kantabrian (Espainia) ateratako argazkia da goiko hau ere. "Hegazti enigmatikoak eta oso gutxi ezagutzen direnak dira zata arruntak. Gaueko izakiak dira, lumaje oso kriptikoa dute eta hegan doazen intsektuak ehizatzeko gaitasun handia dute: hegal-irabiatze isila, aho-barrunbe handia harrapakinak airean hartzeko, begi ilun ikaragarriak eta mokoaren inguruan ukipen-bibrisak", kontatu du argazkilariak.

 

Pitxantxar burubeltza

Itxura borobila eta gizentxoa du pitxantxar burubeltzak. Arrek (goiko irudikoa bezalakoek) diseinu kromatiko oso deigarria dute. Iberiar penintsulan espezie arrunta da, baina ez ugaria. Balear Uharteetan, aldiz, oso zabalduta dago. Eremu irekietan ikusten da gehien, sastraken ertzetan, basoetan nahiz zuhaixka sakabanatuak dituzten larreetan. Otsailean atera zuen irudi hau Ibarzabalek, Kantabrian (Espainia).

Papourdina

"Txori intsektujale ederra" da papourdina Ibarzabalen hitzetan. Europako iparraldean ohikoa da, eta mendi inguruetan babesten da. Espezie honetako txori gutxi dago, baina erraz ezagutzen dira, papo aldean duten jantzi urdin deigarria dela eta. "Uda amaieran, papourdinak desagertu egiten dira Euskal Herriko mendietatik, eta negua gure itsasertzeko hezeguneetan nahiz penintsulako barnealdeko ibaiertzetan igarotzen dute", azaldu du Ibarzabalek. Goiko hau 2024ko maiatzean ateratako irudia da.

Txoka arrunta

Txoka arrunta hegazti txikia da, taldean mugitzen dena eta habitat askotan ugaria. Neguan zaila da txoka arruntak atzematea, duten koloreagatik. Hala ere, hegan hasten direnean nabarmen ikusten dira. Udaberrian arrek karmin kolore deigarria hartzen dute, eta ikusgarriago bihurtzen dira. Ingurune irekietan bizi dira. Ibarzabalek ekainean atera zuen goiko argazkia Europako Mendietara egindako irteera batean. 

Ikusi argazki gehiago, hemen:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide