Baigera elkarteak bazkaria eta erromeria antolatu ditu Jubilatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Egunerako, urriaren 1ean. Ospakizunaren aurretik, baina, pentsio duinak aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dute 13:00etan Azoka Plazan.
Elkarretaratzearen ostean, pentsiodunek elkarrekin bazkalduko dute Azoka Plazan. 14:00etan hasiko da otordua, eta atzetik, erromeriarekin gozatzeko aukera izango dute jubilatuek.
Baigerak antolatu dituen ekintzetan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute irailaren 24a baino lehen. 25 euroko kostua izango du bazkarirako txartelak.
Bi irteera irailean
Bestalde, Azpeitiko jubilatuen elkarteak bi irteera antolatu ditu irailerako. Batetik, Iruña-Veleia aztarnategira joateko aukera izango dute pentsiodunek hilaren 25ean, osteguna. Hara joango direnek 09:00etan elkartuko dira San Martin egoitzan, eta aztarnategia bisitatu eta gero, Gasteizko Olarizu jatetxean bazkalduko dute. Irteeran parte hartu nahi dutenek 40 euro ordaindu beharko dute irailaren 24a baino lehen.
Hurrengo astelehenean, irailaren 29an, Azpeitiko jubilatuak Zumaia inguruan ibilaldi bat egitera gonbidatuko ditu Baigerak. 09:00etan elkartuko dira San Martin egoitzan, eta Narrondo auzoan hasiko dute bidea. Handik Beduara joango dira, eta Zumaian amaituko dute buelta, hango jubilatuen tabernan hamaiketakoa egiteko. Ibilaldian parte hartu nahi duten herritarrek 15 euro ordaindu beharko dute hilaren 23a baino lehen.