Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala: "Elkarrekin aurrez egindako lanaren isla izan da telesailekoa"

Ane Olaizola 2025ko ira. 9a, 14:15

Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala. (Ane Olaizola)

Nerabeei zuzendutako Irabazi arte euskarazko telesail sonatuaren azken denboraldian parte hartu dute Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak; ez, ordea, aktore moduan, haiek gidatzen baizik.

Irabazi arte telesaileko bosgarren denboraldiko grabaketak amaitu berri dituzte, eta Erika Olaizolak (Azpeitia, 1989) eta Xanti Agirrezabalak (Azpeitia, 1997) aktore zuzendari lanetan jardun dute udan. Antzerkian eta ikus-entzunezko hainbat formatutan ez bezala, lehenengoz aritu dira telesail batean horretan, eta esperientzia "oso aberasgarria" izan zaie.

Nola jaso zenuten aktore zuzendari izateko eskaintza?

ERIKA OLAIZOLA: Telefonoz deitu zidaten telesailean aktore zuzendari izatea proposatzeko, eta deia jaso nuenean, Xantirekin berarekin nengoela gogoratzen dut. Eskaintza oso pozik hartu nuen, eta banuen zeregin hori probatzeko gogoa, baina, bestalde, lan gehitxo zela iruditzen zitzaidan, Kaka antzezlanarekin ere buru-belarri nenbilelako. Orduan, ardura hori Xantirekin partekatzea proposatu nien. Beraz, haientzat ere berria izan da aurrera eraman dugun formula, eta oso ondo joan da; asko gozatu dut.

XANTI AGIRREZABALA: Aurrez ere erakartzen zigun figura zen aktore zuzendariarena. Eta azkenean, eskatu eta iritsi egin da. Pozarren hartu nuen, beraz, eta oso-oso gustura egon gara talde osoarekin.

Batez ere aktore moduan egin duzue ibilbidea. Orain, txanponaren beste aldean sentitu al zarete?

X.A.: Beti da beharrezkoa kanpoko begirada bat egotea, izan zinean edo antzerkian; izan ere, beti ari gara publikoari zerbait eskaintzeko sortzen. Orduan, pantailaz bestalde norbait begira edukitzeak laguntzen du gertatzen ari denaren ikuspegi orokorra izaten.

E.O.: Aldi berean, horixe egitetik gatoz biok, ez da leku berria izan guretzat. Antzerki eskola asko ematetik gatoz, eta zuzendaritza lanean ere urte asko daramatzagu.

X.A.: Hori da. Inoiz ez dugu geure burua kokatu interprete soil bezala. Aktoreak gara hitzaren zentzu zabalean, eta horren barruan ere badago kanpo begirada edo zuzendaritza lana egitea. Alde horretatik, bidea erraz egin dugu.

Nola moldatu zarete ardura bi lagunen artean partekatzeko? Koordinatu egin al zarete?

E.O.: Ez. Grabaketetan ez gara elkarrekin egon, eta aurrez ere ez dugu ezer zehaztu; oso naturala izan da. Harremanetan egon gara, baina ez dugu aurrez esan zer eta nola egingo dugun. Bakoitza libre izan da bere erara lana egiteko.

X.A.: Kontua da aurrez elkarrekin lan asko egin dugula eta egiten jarraitzen dugula. Telesaileko aktoreek ere sarri esaten ziguten ohar antzekoak ematen genizkiela, biok bide beretik jotzen genuela eta elkarren antza handia genuela. Hori entzutea oso pozgarria izan da, konektatuta gaudela erakusten duelako. Gure lengoaia bide beretik doa, eta elkarrekin aurrez egin dugun lanaren isla izan da telesailekoa.

Ardura handia izan al da horrenbeste ikus-entzule dituen telesail baterako lan egitea?

X.A.: Batere presiorik ez dugu sentitu. Martxan zihoan tren batera sartu gara; izan ere, aktore taldea ez da asko aldatu azken urteetan. Gehienek hiruzpalau urte daramatzate telesailean, eta, beraz, gehienek beren pertsonaia garatua dute.

E.O.: Gure lana izan da, aktoreei norabide batzuk emateaz harago, haien babesleku izatea; haien ondoan egotea. Batez ere zentzu horretan bizi izan dugu gure lana.

Aktore taldea bera, oro har, gaztea izanda, are gehiago zaindu al duzue alderdi hori?

E.O.: Xantik esan duen moduan, telesailaren hasieratik dauden aktoreak dira gehienak, eta, beraz, pentsatzen genuen bere eginak izango zituztela pertsonaiak. Zentzu horretan, zer ekarpen egin genezakeen galdetzen genion elkarri. Baina berehala ohartu ginen beraientzako garrantzitsua zela gure figura edukitzea, eta orduan hasi ginen beraiekin bidea egiten. Niretzat gauzarik ederrena izan da pertsonak banaka ezagutu ditugula; bakoitzak behar ezberdinak ditu, bakoitza grabaketara modu batera dator… Beraz, gure lana da egoten, entzuten, eta horren arabera lan egiten jakitea. Lan humanoa ere bada: jakin behar duzu aurrean zein daukazun, eta sentsibilitatez jokatu behar duzu. Horri garrantzia handia ematen diogu. Zorrotza izatea baino, aktoreei konpainia egitea lehenetsi dugu, eta funtzionatu egin digu.

X.A.: Horrez gain, badago beste kontu bat: denbora tarte jakin batean hamabi kapitulu grabatzeak denbora horri ahalik eta etekin gehien ateratzea eskatzen du. Grabaketak, beraz, ez dira modu linealean egiten: oraintxe ari zara kapitulu bat grabatzen, gero beste bat… eta zure lana ere bada haiek mapan ahalik eta ondoen kokatzea eta beren ondoan egotea.

Zer lan egin behar du aktore zuzendari batek aktoreek, gidoiaz gain, adierazi behar dutena ondo adieraz dezaten?

X.A.: Euskararen alorra ere lantzen dugu aktore zuzendariok. Testuak zuzenduta jasotzen ditugu, baina askotan testuetan egokitzapenak egin behar izaten dira aktoreengana beraiengana egokitzeko. Gure lana bada euskararen zuzentasuna zaintzea, baina telesailak jolasten du naturaltasunaren eta zuzentasunaren artean, eta erronka ere bada hori: izan ere, halako lanek funtzio hezitzailea ere izan behar dute euskararen aberastasunari dagokionez, zenbaitetan esanak arrotzak iruditzen zaizkigun arren. Baina naturaltasuna ere ezin dugu galdu, eta dantza horretan aritu gara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide