Amak Tribuan egitasmoak iazko ikasturtean izandako arrakasta ikusita, ikasturte berriarekin berriz martxan jartzea erabaki du Azpeitiko Udalak. 0 eta 4 urte arteko umeak dituzten amei dago zuzenduta Amak Tribuan, eta Haizea Egigurenek bideratuko ditu saioak. "Zaintzaileak ere behar du zaindua izatea. Gure buruak eta elkarrenak zaintzeko hautu kontziente bat egiten lagundu nahi du Amak Tribuanek", esan du Egigurenek.
Urritik urtarrilera eskainiko dute tailerra, eta bi astean behin elkartuko dira amak, Basazabal jauregian. Irailaren 26ra arte egongo da izena emateko aukera, lotura honetan. Izena emateko orduan, saioak goizez edo arratsaldez izatea nahiago den zehaztu beharko da. 24 euro izango da prezioa guztira, eta taldea osatu ondoren egingo da ordainketa. Azpeitian erroldatuta dauden amek lehentasuna izango dute, eta taldeak jarraitzeko asmoa azaltzen badu, aukera izango da otsailetik maiatzera bitartean jarraitzeko.
Egigurenek azaldu duenez, besteak beste, honako lanketa hauek egingo dituzte: "Norbere beharrak identifikatu eta gauzatzeko bideari ekin; mugak jartzen eta erabakiak hartzen trebatu; zailtasunei eta pozei tokia egin; exijentziak jaitsi eta norbere buruak goxotik hartu; errua eta bakardadea berrikusi; tratu onetan entrenatu; plazerarekin, desioarekin eta jolasarekin konektatu; eta amek egiten duten zaintza lanari balioa eman". Gaineratu du tribuaren babesean, "espazio seguru eta zainduan" elkartuko direla. "Gorputza izango dugu lan tresna; eta saioak praktikoak eta bizipenetan oinarritutakoak izango dira".