Etxebizitza lege proposamenaz aritu da Nagore Alkorta alkatea Eusko Legebiltzarrean

Julene Frantzesena 2025ko ira. 10a, 15:57

Nagore Alkorta gaur Eusko Legebiltzarrean. (EH Bildu)

EAJk eta PSEk aurkeztutako etxebizitza arloko lege proposamenaz hizketan aritu da hura, EH Bilduk gonbidatuta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda batzordean. Hark hainbat kritika egin dizkio proposamenari, batez ere, hori ontzerakoan udalen iritzia ez dutela kontuan hartu uste duelako.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Eudeleko presidenteordea Eusko Legebiltzarrean izan da gaur, asteazkenez. EAJk eta PSEk aurkeztutako etxebizitza arloko lege proposamenaz hizketan aritu da hura, EH Bilduk gonbidatuta. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda batzordean izan da Alkorta gaur goizean, batzorde horretako ordezkarien aurrean.

Hark lege proposamena ontzeko erabili duten modua kritikatu du; izan ere, Alkortaren hitzetan prozedura "desegokia" izan da, udalen hitza eta iritzia ez dutelako entzun, ezta eragileena ere. Halaber, proposamena kontrastatutako daturik gabe egin dutela ere salatu du Azpeitiko alkateak. "Nola da posible udalei bete-betean eragiten dien lege hau udalen iritzia entzun gabe kaleratu izana? Non geratu da lankidetza?", esan du.

Gainera, EAJk eta PSE-EEk egindako lege proposamenari erantzuteko, udalei bi hilabeteko epea eman zaiela ere esan du hark; hala egin ezean proiektuak ontzat emango dira, ordenazioa bete edo ez. Alkortak zehaztu duenez, baina, udal askok ez dute gaitasunik epe motz horretan erantzuteko, eta salatu du hori badakitela eta bide hori hartzeak "arriskuak" dituela.

Alkorta ez da izan, ordea, lege proposamenaz hitz egitera Eusko Legebiltzarrera gonbidatu duten bakarra. Izan ere, azken egunetan hainbat aditu, politikari nahiz eragiletako ordezkari ari dira proposamenaren inguruko iritziak plazaratzen. Besteak beste, han izan dira hainbat abokatu urbanista, sindikatuetako ordezkariak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko ordezkaria, Kaleratzeak Stop plataformakoa, 47 Kolektiboko kide bat, hirigintzako teknikariak, Euskadiko Gazteria Kontseiluko ordezkaria, Eudeleko presidentea nahiz hainbat arkitekto.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide