Azpeitiko Eizmendi eta Garagartza Gain baserrietako arduradunek hainbat sari eskuratu dituzte azken egunetan Salamancan (Espainia) eta Ordizian (Gipuzkoa) jokatu dituzten ganadu txapelketetan.
Salamancan pasa den igandean egin zuten blonda arrazako behien txapelketan Saioa Rotetaren ganadutegia izan zen protagonista nagusia. Paloma alearekin behi onenaren saria lortzeaz gain, txapeldun ordearen saria ere lortu zuen Tania-rekin. Gainera, blonda arrazako ganadutegi onenaren saria eskuratu zuen Eizmendi baserriak.
Eskualdetik gertuago, Ordiziako Euskal Jai eguneko ganadu lehiaketan, orotara zazpi aintzatespen jaso zituzten Iñaki Alkortaren pirenaika arrazako bigantxek eta behiek. Lehenengo saria eskuratu dute 2-3, 5-7 eta 7-9 urte arteko kategorietan aurkeztutako animaliek, eta bigarrena 18-24 hilabete bitarteko bigantxen kategorian nahiz 3-5 eta 7-9 urte bitartekoen kategorietan. Halaber, hazitik sortutako emerik onenaren Aberekin saria eskuratu dute Garagartza Gain baserriko arduradunek.