Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Txiki eta Otaegi oroitzeko ekitaldi politikoa egingo du hilaren 27an, Zarautzen

Julene Frantzesena 2025ko ira. 11a, 17:21

EHKSko Ane Ibarzabal, Peio Ormazabal eta Garazi Navarro Azpeitian, Soreasu auzoan. (EHKS)

Atzoko eta gaurko faxismoaren aurka lelopean egingo dute ekitaldia, Txiki eta Otaegi hil zituzten urtemugaren egunean. Ez dituzte zehaztu ekitaldia egingo duten lekua eta ordua. "Euskal Herriaren askatasunaren alde eta frankismoaren aurka borroka egin zuten militanteak" omentzea da asmoa, EHKSko kideek agerraldian azaldu dutenez.

Frankoren erregimenak fusilatu zituen 50. urtemuga egunean betetzen den egunean, datorren irailaren 27an, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi oroitzeko ekitaldi politikoa egingo du Zarautzen. Ez dituzte zehaztu ekitaldia egingo duten tokia eta ordua, baina aurreratu dute Atzoko eta gaurko faxismoaren aurka lelopean egingo dutela hitzordua. EHKSko kideek agerraldia egin dute Azpeitian, Otaegiren sorterrian.

Peio Ormazabal EHKSko bozeramaileak adierazi duenez, beraientzat lehen mailako egitekoa da "sozialismoaren zein Euskal Herriaren askatasunaren alde eta frankismoaren aurka borroka egin zuten militanteak" omentzea. Horri lotuta, Garazi Navarro EHKSko kideak esan du, "ezinbesteko zeregina" dela haiek omentzea, eta adierazi du haiekin batera fusilatutako FRAPeko beste hiru kideak –Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena– ere oroituko dituztela ekitaldian. "Komunisten eta ondorengo belaunaldien beharra da klase sozialik gabeko eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten aldeko borroka omentzea", adierazi du. Horri lotuta, langileen batasuna sustatzeko beharra azpimarratu eta faxismoaren aurka eta hori elikatzen duten instituzioen aurka borrokatzeko deia egin du hark.

Kontseilu Sozialistako kideek salatu dutenez, 1978ko erregimena frankismoaren jarraipena izan da, "burgesiaren boterearen bermea" delako, eta "borondate nazionalak ukatu eta zapalkuntzak betikotu" dituelako. Francok ezarritako monarkia eta alderdi nagusiak –PP eta PSOE– horren "ezinbesteko euskarri" izan direla salatu du bozeramaileak. Halaber, gogor agertu da EAJk, alderdi horiekin batera, Txikiren eta Otaegiren oroimenezko propagandaren aurka erakutsitako jarreraren . Hori horrela izanik, EHKSk erregimena elikatzen duten instituzioen aurka borroka egiteko deia egin du.

Abenduan, Durangon

Zarautzen egingo duten mobilizazioaz ez ezik, abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren egunean, EHKSk Durangon (Bizkaia) egingo duen protestarako deia egin du Ane Ibarzabal eledunak. Langileen "haustura politikoa" aldarrikatuko dute han, faxismoa iraganeko kontu izatetik urrun dagoelako eta egungo "krisi testuinguruan" espazioak bereganatzen ari delako. "Alderdi tradizionalen ezintasunetik indartu eta bere burua alternatiba apurtzaile bezala aurkeztea lortzen ari da", esan du hark.

Ibarzabalen aburuz, antifaxismoa ezin da PSOEren gobernua babestearekin parekatu, "mugimendu hori ahultzea" dakarrelako horrek. Horrez ain, nazioa auziari buruz ere hitz egin du, eta "iruzur ekonomikotzat" jo du EAJ, EH Bildu eta PSOE adosten ari diren estatutu politiko berria, Espainiak ez duelako autodeterminazio eskubidea onartuko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide