Talde batek sendoa izan behar du etxean lortu nahi dituen helburuak lortu nahi baditu, eta asmo horiek aurreneko egunetik bere egiteko asmoa erakutsi zuen Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak. Ligako lehen jardunaldian Aurrera Vitoria taldearen aurka Gasteizen galdu eta gero, Garmendipeko berotasunaren beharrean iritsi zen zapatuko partidara Lagun Onak, eta Riberarenek ez zuten huts egin: 4-0 hartu zuten haiek mendean Alaves C taldea.
Partidaren atarian, Pello Odriozola izan zuten gogoan taldekideek; Odriozolak belauneko lotailuan min hartu zuen Reala C taldearen kontrako denboraldiaurreko azken partidan, eta taldekideek eta teknikariek Eutsi Pello. Hirekin gaudek irakur zitekeen pankarta atera zuten zelaira hari babesa erakusteko. Era berean, taldekide guztiek sinatutako klubeko kamiseta bat eman zioten Odriozolari. Omenaldirik onena, baina, zapatuko garaipena Odriozolari berari eskaintzea izan zen.

Epaileak txistua jo eta gero talde bakar bat ikusi zen Garmendipeko berdegunean. Aurreneko minututik gehiago izan zen Lagun Onak, eta saria atsedenaldira iritsi baino hamar minutu lehenago eskuratu zuen. Talde babazorroko atzelari batek eta atezainak baloia galdu zuten, eta Unax Odriozola zarauztarrak ez zuen hutsik egin, bere taldea aurretik jarriz. Gola lortuta ere ez zen lasaitu etxeko taldea, eta atsedenaldirako segundo bakar batzuk baino falta ez zirela, bigarrena lortu zuten Riberarenek. Markel Uzinek egin zuen jokaldia, eta hark atzera egindako pasea ezin hobeto baliatu zuen Jon Sorazu zestoarrak.
Aldageletatik bueltan ere berdin segitu zuen gidoiak. Bisitariek ez zuten beren jokoa egiterik lortu, aurrean zuen taldearen goiko presioak ez baitzion arnasarik hartzen utzi. Baloirik gabe aurkariaren area inguruan egindako lan horrek, gainera, bere fruituak eman zizkion etxeko taldeari. 70. minutuan, Lagun Onakekoen presioak baloia galdarazi zien Alavesekoei; Alex Letamendiak atezaina atzean utzi zuen, eta hark Sorazuri eman zion pasea, azken horrek arratsaldeko bigarren gola egin zezan. Azken hitza ere etxekoena izan zen, ordea; hirugarren gola egin eta hamar minutura laugarrena eginda borobildu baitzuen arratsaldea Odriozolak.
Garaipen ederra, eta era berean, lasaigarria lortu zuen Lagun Onakek etxean, Gasteizko porrota atzean utzi eta aurrera begira jartzea ahalbidetuko duena. Gaurtik aurrera, zapatuan Errenteriako (Gipuzkoa) Fanderia zelaian jokatuko duten partida lantzen hasiko da taldea, Touring taldearekin neurtuko baititu indarrak orduan Lagun Onakek.
Emakumeen hasiera
Bestalde, emakumeen taldeak asteburu honetan bertan ekingo dio Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailari. Hernani B taldearen aurka jokatuko dute sasoi berriko ligako lehen jardunaldia Aitor Zubizarretarenek, Hernaniko (Gipuzkoa) Zubipe zelaian.