Angel Otaegi nuarberra eta Juan Paredes Txiki zarauztarra frankistek fusilatu zituztela mende erdia beteko da irailaren 27an. 1975eko gertakari haien "memoriak eta orbainek oraindik bizi-bizirik" diraute Euskal Herrian, Azpeitiko Sorturen arabera. Hala, euskal herritarrek badutelako "zer gogoratua, zer oroitua, zer ospatua eta zer aldarrikatua" irailaren 27rako nazio ekitaldia antolatu du Sortuk Iruñeko Anaitasunan, Independentziara bidean, Euskal Herria askatzera lotu garenon garaia da! lelo hartuta.
Iruñeko ekitaldi horrekin bat eginda, Azpeitiko Sortuk egun beteko egitaraua prestatu du irailaren 27rako. Urtero moduan, 11:00etan Nuarbeko hilerriko Angel Otaegiren hilobian lore eskaintza egingo dute, eta segidan, mokadutxoa eskainiko dute Nuarbeko elkartean.
Autobusa Iruñeko ekitaldira
Arratsaldean, berriz, Iruñeko Anaitasunan Sortuk antolatutako ekitaldian (17:30) parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Ekitaldi horretarako Azpeititik autobusa antolatu dute, 15:20an anbulatorio aurretik irtenda. Autobuserako izena irailaren 22a baino lehen eman behar da Orkatz, Korrale edota Niza tabernetan. Autobusa egunean bertan ordaindu beharko da, langileek 12 euro eta ikasleek eta langabetuek 8 euro.
Frankistek Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela mende erdia beteko den egun berean egingo du nazio ekitaldia Sortuk. "Fusilamendu haiekin, diktadura frankistaren aurka borroka egin zuten bi gazte abertzale hiltzeaz gain, Euskal Herriaren askatasun egarria itotzea ere bazuten helburu; ez zuten lortu, ordea. Xede bera zuen handik bi hilabete eskasera Franco hil eta Carlos I Borboikoa Espainiako estatuburu izendatzeak ere", adierazi du Azpeitiko Sortuk ohar bidez.
1975eko gertakarien memoriak bizirik dirau, Sorturen ustez. "Gure herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuak dira, baina herri hau altxarazi eta itxaropena ekarri zuen belaunaldi haren askatasun egarria bizi-bizirik da. Hala, Euskal Herria askatzera lotu gara milaka herritar, eskuz esku herri hobe bat eraikitzeko ametsera batuz", erantsi du Azpeitiko Sortuk. Euskal Herriaren askatasun grinari "bizirik eta indartsu heltzeko" irailaren 27rako Iruñeko Anaitasunan antolatutako ekitaldira deitu dituzte herritarrak.