Alba Sanchez: "Segurtasun ezaren inguruko begirada aldatu behar dugu"

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 16a, 09:40

Alba Sanchez, Harrera Sareko boluntarioa. (M. Txintxurreta)

Donostiako Harrera Sarean boluntario ari da Alba Sanchez (Azpeitia, 2001), kale egoeran dauden gazte migranteei laguntzen. Arrazakeria eta gorrotoa gero eta nabarmenagoak direla salatu du.

Nolatan hasi zinen Donostiako Harrera Sarean boluntario gisa lanean?

Gizarte Hezkuntzako eta Gizarte Laneko gradu bikoitza egin nuen, eta laugarren mailan praktikaldia aukeratu behar nuen. Jakin nuenean SOS Arrazakeriak praktikaldia eskaintzen zuela, hara joatea erabaki nuen. Orain dela bi urte hasi nintzen Egiako SOS Arrazakerian, eta praktikaldi oso bizia izan zen, espero ez nuen egoera bat ezagutu nuen, zeren entzutea gauza bat da, eta aurrez aurre ikustea, beste bat. Egia esan, hasiera nahiko gogorra izan zen niretzat, etxera iritsitakoan gaizki egoten nintzen. Baina, gerora, interes handia piztu zitzaidan, eta praktikaldia bukatu nuenean, boluntario bezala segitu nuen SOS Arrazakerian.

Akonpainamendu programan egiten nuen lan. Kale egoeran dauden gazteak artatzen genituen, Donostiara iritsi berri zirenei harrera egiten eta laguntza eskaintzen genien. Azkenean, haiekin denbora asko egiten nuen, eta harremana sendotu egiten zen. Kalteberatasun egoera oso larrian zeuden gazte horiek, gehienak magrebtar jatorrikoak ziren.

Gero, SOS Arrazakeriaren akonpainamendu programa itxi egin zuten, eta nik ibilbide horrekin jarraitu nahi nuen, beraz, Donostiako Harrera Sarean hasi nintzen. Jakin nuen behar handia zegoela arlo horretan, eta aurretik ere harremanak eginda nituenez, ez nuen hori utzi nahi.

Zein izaten da artatzen dituzun gazteen egoera eta zeintzuk haien beharrak?

Bidegurutze batean baleude bezala da: gazteak dira, baina migratzaileak. Bakarrik daude, familia utzi dute leku ezezagun batera etortzeko, bidean hainbat gauza pasatu dituzte, dolu prozesu batean daude, eta betetzen ez diren espektatibak dakartzate askotan. Beharrak asko dituzte, materialak zein afektiboak: jatekoa, higienea, afektua, etxe bat...

"Harreman duina nahi dute, gaur egun deshumanizatuta baitaude"

Nola antolatzen da Harrera Sarea behar horiei guztiei erantzuteko?

Ni, adibidez, akonpainamendu taldean nago, baina Harrera Sareak arlo desberdinak ditu: aisialdi taldea, Kaleko Afari Solidarioen taldea, gaztelerazko ala euskarazko klaseak, arropa garbitzeko taldeak, bigarren eskuko arroparen lokala, futbolean aritzeko taldea...

Eredu integrala da, beraz.

Hori da, saiatzen gara erantzun oso bat ematen. Baina egia da baliabideak mugatuak direla eta ez dela erraza denera iristea, lan boluntarioa da guztia.

Nolako esku hartzeak egiten dituzu?

Akonpainamenduaren arloan, normalean, zeregin edo momentu zehatzetan laguntzen dugu. Adibidez, anbulatoriora joateko laguntza behar dezake norbaitek, horrelakoetan oso txikiak sentitzen baitira askotan. Egiturazko arrazakeriaren ondorioz, egunerokotasuneko gauza txikietarako ere beldurra senti dezakete, besteak beste, anbulatoriora, ertzain etxera edo epaitegira joateko. Pertsona bat laguntzen duzunean, normalean, zuk egiten diozu segimendua, ahal duzun neurrian. Baina norberak erabakitzen du noraino inplikatu, batzuek ez dute nahi pertsona batekin esku hartze bat baino gehiago egitea, eragin egiten dielako. Nik, aldiz, harreman biziak sortu izan ditut; gustatzen zait behin lagundu dudan pertsona horrekin harremana izaten jarraitzea, kezka adieraztea eta sentiaraztea baduela erreferentziazko kontaktu bat, zerbait pasatzen bazaio dei nazakeela.

Zugan eragina du horrek?

Bai, zeren ni ere batzuetan txiki-txikia sentitzen naiz. Baina uste dut beraiek lasaitasuna lortzen dutela hemengo edo Donostiako norbaiten laguntza izanda. Ez dute eskatzen beraien bizitza konpontzea. Askotan, eseri, kafe bat hartu eta zer moduz dagoen galdetzea, hori eskatzen dute. Harreman duina nahi dute, gaur egun deshumanizatuta baitaude.

Harrera Sarea existitzeak erakunde publikoen hutsunea azaleratzen du?

Zalantzarik gabe. Gai potoloa da, zeren Harrera Sareak erantzuten dion horren dimentsioa oso handia da. Esan bezala, baliabideak gutxitzen ari dira, eta gero eta gazte gehiago dago kalean. Interesik ez da apenas ikusten erakundeen aldetik.

"Orain, egunerokotasunean ikusten dut arrazakeria"

Nabarmena da Europan diskurtso ultraeskuindarra hazten ari dela. Euskal Herrian ere hala dela ikusten al duzu?

Bai, indar handia hartzen ari da. Nik lehen Donostiaren alde hau ez nuen ezagutzen; lehen irudikatzen nuen Donostia hura, eta orain ikusi dudana, ez dira berdinak. Ez nekien hainbeste zeudela kalean, eta orain dela gutxi Kale Gorrianekin egin genuen zenbaketaren arabera, 400 baino gehiago daude egoera horretan. Mundu horretan hasi nintzenetik, kontzientzia gehiago hartu dut, eta egunerokotasunean ikusten dut arrazakeria. Orain, baina, gorrotoa zabaltzen ari da Donostian. Adibidez, Lo que no te cuentan de Donosti profilean Harrera Sareko boluntarioen edo gazteen argazkiak zabaltzen dituzte, kriminalizatzeko asmoz. Pasatu izan zaigu bilera batean egon bitartean norbait argazkiak egiten ikustea. Gertatu zait, halaber, bi mutilekin kafea hartzera joan eta pertsona bat ea ondo nagoen galdezka etortzea. Bada, zuk baino seguruago sentiarazten naute hauek. Segurtasun ezaz asko hitz egiten da, baina uste dut begirada aldatu behar dugula, haiek dira segurtasun falta gehien pairatzen dutenak: 20 urterekin kalean, inor gabe, beraien bizitza osoa puskatutako motxila batean sartuta.

Sarean parte hartu nahi duenak, nola egin dezake?

Instagramen bitartez [harrerasarea] jar daiteke kontaktuan. Bestela, azpeitiarren batek lagundu nahi badu, nirekin jar dadila kontaktuan. Ez da jende berria hartzeko arazorik egoten, eskatzen den bakarra konpromisoa da, eta kontzientzia izatea. Eta badago beharra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide