Gurrutxagarentzat aipamen berezia eta Etxeberriarentzat hirugarren saria, 34. Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketan

Andoni Elduaien 2025ko ira. 16a, 09:40

Saritu guztiak ekitaldiaren ondoren. (Goierriko Hitza)

Bertso sorta originala nahiz txukuna izateagatik eta landutako gaiak ezberdinak izateagatik jaso du lehiaketako aipamen berezia Jon Gurrutxagak. Oier Etxeberriak, berriz, helduen mailako hirugarren saria jaso du.

Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria bertsolari azpeitiarrek Lazkao Txiki 34. Bertsopaper Lehiaketara aurkeztutako lanek aitortza berezia jaso dute. Aipamen berezia jaso du Gurrutxagaren bertso sortak, epaimahaiaren iritziz haren bertsoak originalak eta txukunak izan direlako eta gai ezberdinak jorratu dituelako. Aldiz, hirugarren saria jaso du Etxeberriaren bertso sortak helduen mailan.

Juan Ramon Alberdi idazle azkoitiarrak irabazi du lehiaketa. Herenegun, igandea, banatu zituzten lehiaketari lotutako sariak Ordiziako (Gipuzkoa) Barrena kultur etxean. Argi-Berri elkarteak antolatu ohi du Lazkao Txiki zenari eskainitako bertsopaper lehiaketa, eta sari banaketan izan ziren Joxe Miel Iztueta Lazkao Txikiren zenaren ilobak eta Manex Berzosa Ordiziako Kultura zinegotzia. Lehiaketako epaimahaia, berriz, Nikolas Zeberiok, Izar Sarriegik eta Manu Olanok osatu dute. 

Xabier Aguadok Argi-Berri elkarteko ordezkariak sari banaketa ekitaldiaren amaieran iragarri zuen datorren urtean 100 urte beteko direla Lazkao Txiki jaio zela, eta hori horrela, azken bost urteotan sarituak izan diren bertsoekin liburuxka bat osatu eta kaleratuko dutela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide