Dagoeneko etxean da Alex Txikon mendizale lemoaztarra, Azpeitian hain zuzen, baina Nepalgo istiluak bertatik bertara ikusteko aukera izan du, hilaren 8an, egoerak eztanda egin zuenean, han baitzen, beste bi kiderekin batera. Pare bat egun lehenago iritsi ziren "Euskal Herria adina" maite duen herrialdera, ikus-entzunezko bat grabatzeko asmotan, eta han ikusitakoarekin eta bizitakoarekin hunkituta bueltatu da Azpeitiko bizilaguna.
Istiluek Katmandun harrapatu zituzten. "Banekien gazteen mugimendua martxan zegoela duela hilabete batzuetatik", hasi da kontatzen. Auziaren jatorria azaltzera jo du: "Nepalen 240 bat urtez monarkia egon zen agintean, 2008an estatu federal bihurtu zen arte. Gerra zibilaren ondorioz, erregetza hori bertan behera gelditu zen, eta esan liteke gaur egungo egoera politikoa 2015ean egin zuten konstituzioaren erreformaren ondorio dela. Agintean alderdi komunista (marxista-leninista) eta alderdi maoista daude, eta istiluak lehertu dira, batez ere, gazteriaren betekadaren ondorioz". Ziurtatu du betekada hori ez diela eragin sare sozialak moztu izanak, "ustelkeriak" baizik, "jakitun direlako zer-nolako azpijokoak egiten dituzten kargu politikoak eta publikoak dituztenek eta haien seme-alabek". Horren guztiaren aurrean, "kokoteraino eginda", ikasleak izan ziren protestara dei egin zutenak, "eta eskuetatik joan zaie dena", adierazi du Txikonek. "Eta ez dago hitzik deskribatzeko zer-nolako jarrera eduki duten gobernuak, agintariek eta Poliziak. "Defentsa ministroak eman zuen gazteen kontra egiteko agindua, lehen ministroaren oniritziarekin".
Dena arratsalde batean hasi zela esan du, irailaren 8ko arratsaldean hain justu, eta beraiek han zirela, dena bertatik bertara ikusi zutela. "Zer zen hori? Hasi zirenean eraikinak erretzen eta… Esaten dute hildakoak hogeitaka izango direla, eta oraindik ez dute eman datu ofizialik, baina hortik gora izango dira, eta zaurituak 400dik gora. Ospitaleak kolapsatuta, sare sozialak moztuta, eta gu dena ikusten ari ginen, zur eta lur". Hurrengo egunean dena areagotu egin zela dio. Thamel auzotik oinez abiatu ziren kalean zer gertatzen ari zen ikustera. "Ikusi genuen Hilton hotela erretzen, 70 milioi euro balio dituen hotela; ikusi genituen helikopteroak jendea soketatik zintzilik zutela… sekulakoak ikusi genituen".
Hurrengo egunean zuten hegazkina, eta goiz esnatu ziren; 04:00etarako edo, 10:00etan hegazkina hartzeko", eta oinez abiatu ziren aireportura. "Bidean gindoazela topatu genuen auto batek hurbildu gintuen aireportura, eta izugarria zen bidean ikusi genuena; dena ziren barrikadak, dena sutan, eta ez da polizia etxe bat bera ere osorik gelditu, denak kiskali dituzte".
Hala ere, beretzat gogorrena eta adierazgarriena "bigarren planoan" gelditu dela gaitzetsi du, hedabideek ez dutela azaleratu: "Gobernuak gazteak hil ditu benetako munizioa erabilita. Tartean, neure lagun baten arreba zauritu dute, 12 urteko neskato bat, eskolatik etxera zihoala".
Indarkeria norbaide guztietan
Istiluen "kontrapunturik gogorrena" lapurretak izan direla adierazi du lemoaztarrak. "Nepalen herritarren %90 baino gehiago erdi-miserian bizi dira, lana eginda gosez ez dira hiltzen, baina 1.300 eurokoa da errenta per capita. Gainontzekoak oso jende aberatsa dira, eta gu espektro bietan mugitzen gara". Kontatu du politikarien etxeetan sartu eta lapurretak egiten hasi zirela aurrena, eta gero aberatsen etxeetara sartu zirela. "Egia da ikasleen mugimenduak ekintza horietatik bereizi egin zirela, baina izugarria izan zen, supermerkatuetan, lokaletan, toki guztietan sartu ziren. Aspaldian ez nuen ikusi horrelako bortizkeriarik eta indarkeriarik norabide guztietan".
Nepalen egoerak zertxobait lasaitzera egin du azken egunotan, eta urriaren 4rako hauteskundeak deitu dituzte. Hala ere, argi ibiltzeko gomendioa eman du Txikonek. "Badirudi auzia pixka bat baretu dela, baina nik desoreka eta ezegonkortasun handiak ikusten ditut, eta gertatu dena berriz gertatzeko arriskua ere bai. Beraz, hara joateko asmoa duena horretaz jakitun izan dadila".
Hunkituta iritsi da mendizalea Euskal Herrira, besteak beste, 52 aldiz egona delako Nepalen, eta bigarren etxetzat duelako. "Horrelako matxinada edo iraultza bat gertatzen ari den momentuan bertan egotea berezia izan da, ez dator gaizki ikusteko zer dagoen, asko daukagulako ikasteko eurengandik". Eta zenbait hedabidetan irakurritakoak eta entzundakoak gezurtatzeko baliatu nahi izan du aukera. "Espainiako Estatuko komunikabideren batean ikusi dut hara joandako turistaren bat esaten gazteak euren kontra zihoazela eta antzerakoak, eta hori gezurra da. Niri istiluen erdian gazteak etorri zitzaizkidan barkamena eskatzera, esanez asko sentitzen zutela, nepaldarrak ez direla horrelakoak, baina egoera jasanezina zela. Erantzuten genien gugatik lasai egoteko, euren eskubideak aldarrikatzea dagokiela, egin beharrekoa egin dutela, eta guk hori babestu egiten dugula".