Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Memoria, orainerako eta etorkizunerako

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 16a, 12:19

1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketa Azpeitian jarri dute lehen aldiz Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek, eta inaugurazio ekitaldi jendetsua egin zuten atzo. Igandera arte ikusgai egongo da, goizez eta arratsaldez, Betharram erakusketa aretoan.

Iratzar fundazioak Olaso Dorrea fundazioarekin elkarlanean prestatu duen 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketa atzo arratsaldean inauguratu zuten Azpeitian. Betharram aretoa berez ez oso handia bereziki txiki gelditu zen, ezker abertzalearen ordezkaritza politiko aipagarria zein herritar ugari elkartu baitziren lehen aldiz ikusgai jarri duten erakusketaren inaugurazio ekitaldian. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta EH Bilduren udal gobernuko hainbat zinegotzi, Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusia, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea, eta erakusketan toki esanguratsua duten Jon Paredes Txiki zarauztarraren eta Angel Otaegi nuarbetarraren senideak egon ziren, beste askoren artean, atzoko ekitaldian.

Olaso Dorreako Irati Jimenezek eta Iratzarreko Floren Aoizek hartu zuten hitza erakusketa aurkezteko. Ondoren, Kulturazek erakusketarako prestatu duen ikus-entzunezko laburra aurkeztu zuen Xabier Gantzarainek, eta inaugurazioa osatzeko, Iratzarreko Andoni Olariagak bisita gidatu azkarra eskaini zuen elkartutako guztientzat. Bertaratutako guztientzako mokaduarekin bukatu zuten ekitaldia.

Hiru giltzarri, galera bat

1975ean, duela 50 urte, Francoren diktaduraren azken hatsetan, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituen Francoren diktadurak irailaren 27an, azaroaren 20an hil zen Franco diktadorea, eta Juan Carlos I.a Borboikoak Espainiako estatuburu kargua hartu zuen. Euskal Herriko eta Espainiako gaur egungo errealitatean ere oihartzuna eta eragina duten hiru gertaera horiek, aurrekariak eta horien ondorioen irakurketa dira 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketaren ardatza.

Bost ataletan banatu duten erakusketan, hamabost panel ikusi eta irakur daitezke; 1950eko hamarkadan hasten da erakusketak harilkatzen duen kontakizuna; 1975. urte giltzarria jaso dute bigarren atalean, eta Txikiri, Otaegiri eta Garmendiari eskainitako atala dator jarraian: informazio panelez gain, erakusketarako berreskuratu duten pankarta "historiko" bat ikus daiteke hor, Paris eta Hendaia artean egin zuten protestan erabili zutena, eta Txikiren zein Otaegiren objektu pertsonalak ere bai, familiek utzitakoak: Otaegik hil aurretik jantzitako jertsea, eta Txikiren eskaladako kaskoa eta erretzeko pipak. Erakusketaren bosgarren atala Espainiako Trantsizioari eskainita dago, eta bosgarrena, 78ko erregimena deritzonari.

"Txiki eta Otaegiren inguruko gertaerak ezinbestekoak dira gure herriaren kontzientzia kolektiboaren osaketarako. Eta indar kolektibo bat, errenditzen ez den eta amore ematen ez duen indar handi bat erabili behar dugu kontzientzia hori eraikitzeko, bizirik mantentzeko eta inork ez ezabatzeko", esan zuen Jimenezek sarrerakoan. Gertaera historikoen irakurketa kritikoa sustatzea, Frankismoaren kontrako borrokan aritutakoen memoria aldarrikatzea eta, belaunaldi gazteenak gogoan hartuta, transmisioa dira, izan ere, erakusketaren helburu nagusiak. "Kontuz ez bagabiltza, esango digute gertatu ziren gauza terribleak ez zirela gertatu", gaineratu zuen Jimenezek, gertaera historikoen errebisionismoaren arriskuak azpimarratuz eta Azpeitian estreinatu duten erakusketaren eta antzeko egitasmoek memoria historikoa osatzeko duten garrantzia azpimarratuz.

Aoizen hitzetan, 1975eko gertaerek diktaduraren amaiera eta Trantsizioa "azeleratu" zituzten, baina frankismoak "dena lotuta eta ondo lotuta" utzi zuen, eta Euskal Herriak, aldiz, "aukera galdu" zuen, diktaduraren ostean beste aldi bati ekiteko. "Gure buruen jabe izateko, gure historiaren jabe izan behar dugu", adierazi zuen Iratzar fundazioko kideak. Betharramen jarri duten erakusketa helburu horretan ekarpen gisa ulertzen dute antolatzaileek.

Erakusketa ibiltaria

Aste osoan zehar izango da ikusgai Betharramen 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketa, irailaren 21a arte, hain zuzen. Goizez eta arratsaldez irekiko dute egunero, 11:00etatik 13:30era eta 17:30etik 20:00etara.

Baina Azpeitia erakusketaren abiapuntua eta lehen pausalekua da. Izan ere, erakusketa ibiltaria da atzo ireki zutena. Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urtemugarekin bat egin duen egitasmoak Otaegiren 'etxean' egin du lehen urratsa, eta Zarautzen, Txikiren herrian, egingo du bigarrena: irailaren 22tik 28ra jarriko dute han, EH Bilduren aretoan.

Areto horretan egingo dute, Naiz hedabideak jakinarazi duenez, hura Zarauzko Udalaren lokal batean muntatzeko asmoa zuten, baina erakundeak ez die baimena eman. Naizen arabera, gainera, udalak ez ditu baimena ukatzearen gaineko argudioak idatziz jaso. Guka jarri da harremanetan Zarauzko Udalarekin, baina gaur-gaurkoz ez du erantzunik jaso.

Guka jarri da harremanetan Zarauzko Udalarekin, eta erakundeak azaldu duenez, erabakia udaleko Bizikidetza Mahaian hartu zuten –udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek (EAJ, PSE-EE eta EH Bilduk) parte hartzen dute mahai horretan–. Edonola ere, ez du azalpen gehiago eman erakundeak, eta mahai horretan hitz egindakoa konfidentziala dela argudiatu du.

Urrian, berriz, Tolosan (Gipuzkoa) eta Gasteizen izango da ikusgai 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketa, baina Interneten ere eskura jarri dute edukia, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, 1975-2025erakusketa.eus webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide