Los tipos malos 2 eta Romería pelikulak emango dituzte igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Los tipos malos 2 animazio lana igandean eskainiko dute, 16:30ean. Romería, berriz, 19:30etik aurrera ikusi ahal izango da igandean, eta 21:00etan astehelenean. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira, eta emanaldiak hasi aurretik Soreasu antzokiko leihatilan ere bai.
Pierre Perifelek eta JP Sansek elkarlanean zuzendutako pelikula estatubatuarra da Los tipos malos 2. Legea errespetatzera ohituta ez dagoen baina gaizkile izateari utzi nahi dion animalia-talde bat du protagonista, eta umorea erabiliz, mundu mailako kolpe batean nola sarrarazi dituzten kontatzen du pelikulak.
Romería, bestalde, Carla Simon kataluniarraren film berria da. Estiu 1993 eta Alcarràs arrakastatsuak sortu zituen zuzendariak drama generoari heldu dio beste behin. Romería-n, haur zela zurtz geratu zen Marinaren istorioa kontatzen du. Protagonista Vigora (Galizia) joango da bere aita biologikoaren familia ezagutzera, eta osaba-izebekin eta aitona-amonekin egiten dituen topaketen bidez, gurasoen kontakizun bat berregiten saiatzen da. Hala ere, Vigoko senideek gatazkaz biziko dute Marinaren bisita, lotsaz bizi baitute hiesak jota hil zen semearen iragana, eta lehengusuarekin izango duen maitasun istorioaren bitartez lortuko du Marinak bila dabilen kontakizuna jostea.