Eduki babestua

Dendek eskaintzen dituzten zerbitzuak herritarrei agertzeko gunea estreinatuko du Stock Azokak

Erredakzioa 2025eko irailaren 18a

Artetxe-Bastida farmaziako, Mendata estudio grafikoko eta Prest tindategiko ordezkariak.

Ostiralean eta larunbatean egongo da zabalik zerbitzu gunea: ostiralean, 16:00etatik 20:00etara, Artetxe-Bastida farmaziak azaleko azterketak zein behatzeko ziztada bidezko odol analisiak egiteko aukera eskainiko du. Larunbatean, berriz, 10:30ean hasiko dira aurkezpenak.

Ostiralean eta larunbatean izango da aurtengo Stock Azoka, eta aurtengo edizioak berrikuntza nagusi bat izango du: zerbitzu gunea. Azoka Plazaren barruan kokatuko den espazioan herriko saltokiek eskaintzen dituzten zerbitzuak herritarrei helarazteko aukera izango dute. Modu horretan, produktuen salmenta gauzatzen duten negozio txikiez haratago, zerbitzu enpresek ere izango dute presentzia bi eguneko azokan.

Dendartean merkatari elkarteko teknikari Xabi Aldalurrek agertu duenez, zerbitzuek gero eta presentzia handiagoa dute merkataritzan, eta horregatik erabaki dute zerbitzu gunea antolatzea: "Merkataritzan gero eta ohikoagoa da produktu salmenta zerbitzuren batekin osatzea, bereizketa estrategia moduan. Zentzu horretan, gero eta zabalagoa da herriko saltokien zerbitzu eskaintza, eta horiek herritarrei komunikatzeko espazio bat eskaintzea erabaki du antolakuntzak. Zerbitzu gunearen ideia beste zenbait herritan garatu da azken urteotan, eta Azpeitian lehen aldiz egingo da, froga moduan; gero baloratuko da aurrera begira errepikatu beharreko zerbait den edo ez".

Hala, lehen aldi honetan, ostiralean eta larunbatean egongo da zabalik zerbitzu gunea: ostiralean, 16:00etatik 20:00etara, Artetxe-Bastida farmaziak azaleko azterketak zein behatzeko ziztada bidezko odol analisiak egiteko aukera eskainiko du.

Larunbatean, berriz, 10:30ean hasiko dira aurkezpenak:

  • Prest tindategiak arropak garbitzeko produktuak aurkeztu eta aholkuak emango ditu.
  • Mendata estudio grafikoak bere zerbitzuak aurkeztuko ditu: diseinu grafikoa, webguneen garapena, sare sozialen kudeaketa...
  • Kiribil ekodenda eta Kimura Alkimia zikloaren zaintzaren eta ongizate integralerako zerbitzuen inguruan arituko dira.
  • Inar optikak bere zerbitzuen berri emango du: entzumen eta ikusmen frogak, aholkularitza optikoa...
  • Eguzki belar dendak TNDR teknika agertuko du, gorputzaren ehunen arteko tentsioak askatzea eta organismoaren funtzioak orekatzea bilatzen duen masaje terapia naturala.
  • Zerbitzu gunea ixteko, 13:00etan, disko berriaren aurrerapen kontzertua emango du Gartxot bakarlariak.

42 saltoki

Udaberri eta uda denboraldietako produktuen Stock Azoka egingo dute herriko saltokiek ostiralean, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Guztira, 42 saltoki izango dira azokan parte hartuko dutenak, eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio ezin hobeetan eskainiko dituzte.

Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da; han honako 11 postu hauek aurkitu ahal izango dituzte herritarrek: Aitzaki Kirolak, Arrate Outlet, Euskadi Sport, Ilargi, Jostaldi Kirolak, Larrañaga Kirolak, Martina Isasti, Nerea Eskulanak, Sein Briko, Ubbo eta Kids&Us; azken hori ostiralean soilik.

Horiez gain, beste 31 postu egongo dira, bakoitza bere saltoki aurrean kokaturik: Adi optika-audio zentroa, Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Ametsen Txokoa, Arku, Arrospide, Artetxe-Bastida farmazia, Babesa moda, Biur, Bossi, Disdira, Esnaola Tien 21, Furundarena, Geu, Iosu optika, KaÏoa, Koket, Kotoi, Kukua, Mina mertzeria, Ohana Barefoot, Oihele, Ordulari, Ostadar, Romaes, Tilin Talan, Ufito, Urbistondo, Zume eta Zuri Beltz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide