Zortzi eta hamabi urte arteko haurrei –LH3tik LH6ra arteko ikasleei– zuzendutako Sorginorratzak egitasmoan izena emateko epea ireki du Kulturaz kooperatibak. Irailaren 28an amaituko da izena emateko epea. Urriaren 1ean hasiko da haurrak sormen praktiketara hurbiltzeko asmoa duen programa, eta 32 tailer egingo dituzte 2026ko ekainaren 3ra bitartean.
Hitzak josten, irudiarekin jolasten, soinua orrazten eta gorputzetik sortzen ikasiko dute Sorginorratzak egitasmoan parte hartuko duten haurrek eta, besteak beste, magia, soinu-paisaiak, ipuinak eta arte plastikoak landuko dituzte. Tailerrak asteazkenetan izango dira, 17:15etik 18:30era, eta lau saioko zortzi tailer emango dituzte, guztira. Dinamoa sormen guneko espazio desberdinetan izango dira, eta haurrek eskualdeko sortzaileak izango dituzte bidelagun.
Azpeitiko hiru ikastetxeetako guraso elkarteetako ordezkariek abiatutako "eskaintza herrikoia" da Sorginorratzak, Kulturaz kultur kooperatibarekin elkarlanean eta Azpeitiko Udalaren babesean, herriko kultur dinamika oparoa babestea du helburu proiektuak. Kulturak zentzu kritikoa lantzeko gaitasuna ematen duela sinestuta ondu du proiektua Kulturazek. "Kultur edukiak eta eskualdeko sortzaileak herriko gaztetxoekin harremanetan jartzen ditugu, elkarrekin askotariko esperientzia aberasgarriak sortzeko", azaldu du kooperatibak.
Esteka honetan eman daiteke izena Sorginorratzak egitasmoan. Ikasturte guztirako izen emateak 120 euroko kostua du, baina saio zehatzetan parte hartzeko aukera ere zabaldu du Kulturaz kooperatibak, 20 euroren truke.