Eneko Olasagasti Donostiako zinema zuzendaria Loiolako eta Donostiako herri irratien istorioa kontatuko duen Irrati bat, Herri bat dokumentala grabatzen ari da, "garai baten memoria" berreskuratzeko asmoz, eta kontakizuna osatu ahal izateko, laguntza eskatu die herritarrei. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez, irrati horien entzule izan zirenei haien testigantzak emateko eskatu dizkie.
Zehazki, entzule horiei eskatu diete bidal dezatela whatsapp bidezko audio mezu bat eta argazki bat 656713583 telefono zenbakira.
Loiolako santutegian zuen egoitza auzoaren izen bereko Herri Irratiak. 1960ko hamarkadaz geroztik, hainbat esatari pasatu ziren bertatik, eta euskara uhinetatik zabaldu zuten, Francoren diktadura garaiko zentsura eta errepresioa kontra izan bazuten ere. Artean diktadorea bizi zela, 1972an, indarrak batu zituen Donostiako Herri Irratiarekin, eta urte luzez martxan izan ziren Loiolako estudioak, harik eta 2010ean itxi zituzten arte, jesuiten esku zegoen irratia Noticias taldeari saldu ostean.