Musika barrokoa entzuteko aukera izango da Azpeitian, Julian Barrenetxea abesbatzaren eskutik

Ihintza Elustondo 2025ko ira. 18a, 13:04

Julian Barrenetxea abesbatzeko kideak eta Leire Sarasua Kultura zinegotzia, Basazabal jauregiaren atarian. (Ihintza Elustondo)

Julian Barrenetxea abesbatzak kontzertua eskainiko du irailaren 27an Soreasu antzokian, Urmaiz, Aita Donostia eta Kantaka abesbatzekin elkarlanean. Koruetako 80 bat abeslarik, lau bakarlarik eta 25 musikarik parte hartuko dute emanaldian. Bachen eta Charpentierren obrak interpretatuko dituzte, eta hainbat sopresa ere izango dira. 

Azpeitian askotan entzuteko aukerarik izaten ez den musika mota batez gozatzeko aukera izango da datorren asteko larunbatean, irailaren 27an. Hain zuzen ere, Julian Barrenetxea abesbatzak musika barrokoaren kontzertua eskainiko du egun horretan Soreasu antzokian (20:15), beste zenbait abesbatzarekin, musikarirekin eta bakarlarirekin elkarlanean. Hain zuzen ere, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Urmaiz, Donostiako Aita Donostia eta Lazkaoko (Gipuzkoa) Kantaka abesbatzek eta Sine Nomine orkestrak parte hartuko dute emanaldian.

Gaur aurkeztu dute kontzertua, Basazabalen. Javier Alberdik zuzenduko du hilaren 27ko emanaldia, eta hark nabarmendu du guztientzako "oso atsegina" izango dela ikuskizuna. Herritar guztiak animatu ditu zuzenekora, Azpeitia bezalako herrietan ez delako askotan izaten musika barrokoa entzuteko aukerarik. "Ea Soreasu betetzen dugun", esan du. Julian Barrenetxea abesbatza zuzentzeaz gain, Azpeitiko emanaldian parte hartuko duten gainontzeko koruak ere Alberdik zuzentzen ditu; hortik sortu da elkarlanerako aukera.

Aurrenekoz Lazkaon aurkeztu zuten emanaldia, eta Donostian ere taularatu zuten ikuskizunaren zati bat. Miren Urkizu Julian Barrenetxea abesbatzako kideak adierazi duenez, kontzertuak leku horietan izan zuen arrakasta ikusita eta kritika onak jaso zituztela kontuan izanda, Azpeitira ekarri nahi izan zuten emanaldia. Udalean proposamena aurkeztuta eta haien baiezkoa jasota, buru-belarri dabiltza azken asteetan kontzertua prestatzen: "Denbora dezente daramagu emanaldia prestatzen. Alemanez eta latinez abestu behar dugu, eta horrek bere konplexutasuna du", adierazi du. Dena den, zailtasunak zailtasun, taldea ilusioz ari dela lanean eta emanaldirako gogoz daudela nabarmendu du Urkizuk. 

Julian Barrenetxea abesbatzak hamabost kide ditu gaur egun, guztiak emakumeak. Baina beste hiru abesbatzetako kideak elkartuta, guztira 80 abeslarik parte hartuko dute musika barrokoaren kontzertuan. Horiez gain, 25 musikari izango dira oholtzan, musika barrokoa interpretatzeko beharrezkoak diren instrumentuak jotzen, eta baita lau bakarlari ere: Ana Otxoa Pando (sopranoa), Leticia Bergara (altua), Iñigo Vilas (tenorra) eta Jose Javier Etxeberria (baxua). 

Emanaldiak bi zati

Emanaldi guztian zehar musika barrokoa izango da protagonista, baina bi ataletan banatu dute errepertorioa. Lehenenego zatian, Johann Sebastian Bach (1685-1750) musikariaren obra entzun ahal izango da: Church Cantatas Bwv 147 eta Herz Und Mund Und Tat Und Leben. Bigarren zatian, berriz, Marc Antoine Charpentierren (1643-1704) obra entzun ahal izango da: Te Deum H 146. Berez Bach Charpentier baino geroagoko musikaria bada ere, haren musika lehenago interpretatzea erabaki dute, Charpentierrekin borobidu nahi izan dutelako itxiera. Horrez gain, emanaldian zehar hainbat sorpresa izango direla ere aurreratu dute aurkezpenean. 

Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, Julian Barrenetxea abesbatzakoak kontzertua antolatzeko laguntza eske joan zitzaizkionean, udalak ez zuen inolako zalantzarik izan. "Zoritxarrez, abesbatzak ez daude errotuta gure herrian, eta horiei bultzada emateko ahalegin guztiak dira ongi etorriak. Herritarrak animatu nahi ditut emanaldira, ez delako maiz izaten halakoez gozatzeko aukerarik". Ideia hori bera nabarmendu du abesbatzaren zuzendariak ere: "Musika klasikoa herri txikietara ekartzeko ahalegina egin beharko genuke, musika mota hori denengana iristeko, eta ez elitearengana bakarrik", azpimarratu du. 

Sarrerak dagoeneko salgai daude, Kulturazen atarian, 5 euroren truke. 

Beste proiektu bat, bidean

Datorren asteko kontzertua prestatzen aritzeaz gain, beste proiektu batean murgilduta ere badabil Julian Barrenetxea abesbatza.

Hain zuzen ere, 40 urte beteko ditu koruak, eta horren harira, egitasmo handi batean murgildu dira: Azpeitiak eman dituen konposatzaile garrantzitsuenen abestiak grabatuko dituzte, Azketa abesbatzarekin eta Azpeitiko beste hainbat musikarirekin elkarlanean.

Aurrerago emango dituzte proiektu horren gaineko xehetasunak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide