Udalak gaur kaleratu ditu kirol ikastaroetan onartutakoen zerrendak, izen emate epean jasotako eskaerekin. Erakundeak adierazi du, beste behin ere, "arrakasta" izan dutela udalak eskainitako kirol ikastaroek, eta zenbait taldetan zerrendak osatzeko zozketa egin behar izan dutela.
Eskainitako ia ikastaro guztiak jarriko dituzte martxan, baina badaude oraingoz aterako ez dituztenak ere, gutxieneko izen ematerik ez delako egon.
Datozen egunetan aldaketak kudeatuko ditu udalak, eta behin lan horiek eginda, beste ikastaroren bat eskaintzea ere gerta daitekeela azaldu du: "Aurrena, itxaron zerrendetan geratu direnen eskaerak kudeatuko ditugu; ondoren, epez kanpoko izen emateak eta bigarren ikastaro batean izena emateko eskaerak. Beraz, gerta daiteke ikastaroren bat gehiago ateratzea".
Ikastaroetako zerrenden inguruko edozein zalantza dutenek igerilekuko harrerara jo beharko dute.
Talde berrien eskaintza
Udalak ikastaro batzuek izan duten izen emate kopurua eta espazioen erabilgarritasuna aztertuta, talde berri batzuk eskainiko ditu. Talde hauetan izena emateko igerilekuko harrerara joan beharko dute interesa dutenek. Honako hauek dira talde berriak:
- Total training: asteartea eta osteguna, 07:00etan, edota astelehena eta asteazkena, 17:00etan.
- Igeriketa teknifikazioa: asteartea eta osteguna, 15:30ean.
- Igeriketa hastapena: astelehena eta asteazkena, 15:30ean.
Haurren igeriketako ikastaroen kasuan ere, itxaron zerrendetan geratu diren haurrei talde berriren bat proposatzeko lanketa egingo du udalak.
Kirol ikastaroak urriaren 1ean hasiko dira eta haurren igeriketakoak urriaren 6an.
Ikastaroen egutegia udalaren webgunean dago ikusgai.
Azpeitia.eus webgunean ikus daitezke kirol ikastaroetarako osatutako zerrendak.