Bisita berezia hartu du gaur, ostirala, Azpeitiko Mendietxe museoak. Denis eta Annie Pivot (Frantzia); Matthias Hofle (Alemania); Denis eta Joanne Louise Boudreau (AEB); Maria Catalina Soto, Amparo Personal, Raul Macia Sanchez eta Jose Manuel Sanchez (Espainia) izan dira bertan, alpinismo argkeologikoan espezializatutako izen handiko ikerlariak guztiak; eta Alex Txikonek gidatzen duen museoa bisitatu du, halaber, Dean Fidelman argazkilari estatubatuarrak ere.
Haiekin batera, Euskal Herriko instituzio publikoetako nahiz mendizale federazioetako hainbat ordezkarik ere ezagutu dute museoa, besteak beste, Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu diputatua, Ricardo Hernani Euskal Mendizale Federazioaren lehendakaria, Martin Montañes Nafarroako Mendizale Federazioaren lehendakariordea eta Ander Larrañaga Azpeitiko Udaleko Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Batzordeko lehendakaria.
Alex Txikon alpinistak museoaren inguruko xehetasunak eman dizkie bertara agertu diren adituei eta kargu publikoei. Hala, arkeologia, mendia eta ikerketa historikoa elkarrizketan jarrita, iritzi nahiz esperientzia desberdinak elkarbanatzeko topaleku bilakatu da Mendietxe.
"Mendiaren eta arkeologiaren arteko loturak gogorarazten digu gailurrek kirol erronkak ez ezik, gure iraganeko istorioak, memoriak eta ikaskuntzak ere gordetzen dituztela. Mendietxe museoan hainbeste herrialdetako espezialistak biltzea aukera paregabea da jakintzak partekatzeko eta guztiona den ondare bati balioa emateko", azpimarratu du Alex Txikon museo proiektuaren arduradunak.