Aholkularitza psikologikoa eta indarkeria matxista jasan dutenentzako bidelaguntza zerbitzuak eskainiko ditu Emakumeen Txokoak

Ane Olaizola 2025ko ira. 21a, 11:00

Emakumeen Txokoa, kanpotik. (Azpeitiko Udala)

Eraberritze lanak amaitu dituzte Emakumeen Txokoan, eta guneak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak azaltzeko zein lanen nondik norakoak herriratzeko ate irekien saioa egingo dute asteazkenean.

Azpeitiko Emakumeen Txokoak eraberrituta eta itxura aldatuta hasi du ikasturte berria, eta egin dituzten eraberritze lanak herriratzeko nahiz hango zerbitzuaren berri emateko, ate irekien saioa prestatu dute datorren asteazkenerako. Horrez gain, bihar zabalduko dute ikastaroetan, ekintzetan zein parte hartze guneetan izena emateko aukera, eta urriaren 3an amaituko da epea. Horien artean, bi zerbitzu berri emango dituzte: aholkularitza psikologikoa eta indarkeria matxista kasuei eskainiko zaien bidelaguntza. 

Urtea amaitu bitartean, hiru ikastaro, liburu aurkezpen bat, bi parte hartze taldea eta egun osoko jardunaldi bat prestatu dituzte Emakumeen Txokoan, eta horiez gain, honako zerbitzu hauek eskainiko ditu: aholkularitza juridikoa, sexu aholkularitza, eta aholkularitza psikologikoa ere eskainiko dute lehenengoz. LGTBIQ+pertsonei eta emakumeei bideratutako aholkularitza espezializatua izango da hori, eta zerbitzua ikuspegi feministatik eskainiko dute, "ahalduntze indibidual eta kolektiboa" helburu hartuta.

Horrez gain, beste zerbitzu bat ere jarriko dute martxan: indarkeria matxista kasuei eskainiko zaien bidelaguntza zerbitzua. Hau da, indarkeria matxistari aurre egiten diotenentzako "babesleku emozionala eta soziala" izango den txokoa egokituko dute, eta norbanakotik harago, modu kolektiboan "elkar zaintzeko" espazioa izango da. 

Bestalde, ikastaroek, ekintzek zein zerbitzuek emakumeen eta LGTBIQ+ kideen ahalduntzean sakontzea eta eragitea izango dute oinarri. Ikastaroei dagokienez, jabetze eskolen barruan, Autoestimua: nire burua ezagutuz ikastaroa eskainiko du Pepa Bojok, eta boxeo tailerra ere izango da, Ixa Rodriguezek gidatuta. Bestalde, aurreko ikasturtean hartutako bideari jarraituz, boterearen azterketa eta hausnarketa egiteko gizonen espazioa ere sortuko da ikasturte honetan.

Horrez gain, parte hartzeko, sentsibilizaziorako eta integraziorako ekintzak ere prestatu dituzte sasoi berrirako: (Min)bizia Elena Guinearen liburu aurkezpena egingo dute, eta Kontuan hartzeko kontatua. Azpeitiko LGTBIQ+ memoria eta erreparazio jardunaldiak ere egingo dituzte. Horrez gain, Irakurri eta ahaldundu eta Empalabramiento parte hartze taldeek ere jarraituko dute. 

Hemen irakur daiteke udazkeneko eskaintzaren eskuorri osoa. 

Ate irekiak, herriratzeko

Azken hilabeteetan egin dituzte eraberritze lanak herriratzeko, berriz, ate irekien saioa egingo dute asteazkenean. 18:30ean hasiko da, eta Emakumeen Txokoko guneak bisitatuz hasiko dute saioak, eta bien bitartean, martxan dauden zerbitzuak azalduko dituzte. Horrez gain, eraberritze lanen nondik norakoak esplikatuko dituzte, hartu dituzten "hautuen atzean dauden hausnarketak" plazaratzeko asmoz. 

Emakumeen Txokoko zerbitzuen izen-ematea zabalik da oraindik, eta horregatik, hango ikastaroen, talde iraunkorren zein parte hartze taldeen inguruko azalpenak ere emango dituzte. 

Antolatzaileen arabera, Emakumeen Txokoan parte hartzen duen komunitatea ere ate irekietan izango da, eta kide horiek ere hango egitasmoen zein lan ildoen berri emango dute. Amaitzeko, mokadua izango da guztientzat, eta herritarrek beren zalantzak argitzeko eta elkar ezagutzeko aukera ere izango dute. Egitasmoaren bidez, herritarrei Emakumeen Txokorako "sarbidea erraztea" nahi diete antolatzaileek, "horretarako egon daitezkeen mugak lausotuta". Herritar oro gonbidatu dute saiora. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide