Intentsitate handiko kontzertua eman du Kaskezurrek Sanagustinen

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 20a, 15:47

Kaskezur rock laukoteak kontzertua eskaini zuen atzo arratsaldez kulturgunean. Iazko azaroan plazaratu zuten Deus diskoa aurkezten aritu ziren. Sarrera doan izanda ere, apenas egon zen entzulerik. Hala ere, indarrez betetako kontzertua eman zuten nafarrek. 

Baztaneko urak izango du zerbait berezia halako musika proposamen interesgarriak ateratzeko. Bertakoak dira Petti, Joseba Irazoki eta Joseba B. Lenoir, akaso belaunaldi horretako izen ezagunenak. Baina, baztandarrak dira, baita ere, Borrokan eta Harat taldeko buru Ibai Gogortza, eta atzo Azpeitian bisitan izan zen Kaskezur taldea. Gogortzaren izena aipatzea ez dago soberan, hark ekoiztu ziolako Kaskezurri hirugarren diskoa, 2019ko Ihesi doaz animaliak, eta atzo bertan soinu teknikari lanetan aritu zen nafarrek Sanagustin kulturgunean emandako kontzertuan. 

Baztandarrek Azpeitiko aretoan emandako hirugarren kontzertua izan zen atzokoa. Hasieran, Heal talde kataluniarrarekin batera eman behar zuten. Bartzelonakoek, baina, bertan behera utzi zuten beren emanaldia. Hala ere, aretoko arduradunekin hitz eginda, kontzertuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten Kaskezurreko lau partaideek. "Pozik gaude kontzertua emateko asmoarekin jarraitu dugulako", esan zuen kontzertuko une batean Ion Minde abeslari eta gitarra jotzaileak. 

Iazko azaroan argitaratu zuten Deus diskoa aurkezten aritu dira nafarrak, eta atzo hango abestiak jo bazituzten ere, ez zituzten ahaztu aurreko diskoetakoak. Beraien abestietan nabari da sorreratik izan dituzten eraginak: Sonic Youth, Pixies, Superchunk... 90eko hamarkada hasieran melodiaz betetako rock zaratatsua jotzen zuten talde haiek guztiak. Denborarekin, baina, estilo paleta handitzen joan dira, eta garapen handiko abestiak sortzen aritu dira, gitarrak elkar lotuz, baxuari eta bateriari protagonismoa emanez. Zuzeneko landua dute nafarrek. Emanaldiko une batzuetan bizpahiru abesti jarraian jo zituzten, atsedenik hartu gabe, eta indarra mantenduz. Abeslariak mikrofonoan txandakatzeak ere beraien alderako egiten du. 

Emanaldiaren puntu negatibo bakarra entzuleen presentzia urria izan zen. Sarrera doan izanda ere, entzulegoa hogei bat lagunek osatuko zuten guztira. Horien pozerako, Kaskezurrek intentsitaten handiko emanaldia eskaini zuen. Bejondeiela baztandarrei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide