Izarraitz igeriketa elkarteak 40. urteurrena ospatuko du urriaren 18an

Maialen Etxaniz 2025eko irailaren 21a

Izarraitz igeriketa elkarteko 2024-2025 talde argazkia. (Izarraitz I.E)

Bi asteburutarako iragarri dituzte ekintzak, baina egitarau potoloena urriaren 18rako prestatu dute. Besteak beste, igeriketa saioa, kalejira, bazkaria eta elektrotxaranga izango dira urtemugaren festa egunean. 

Izarraitz igeriketa elkarteak 40 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta, urtemuga ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte, eta urriaren 18an egingo dute urteurren festa. Hain zuzen, urriaren 18a "atzoko eta gaurko Izarraizkideekin elkartzeko eta ospatzeko eguna" izatea nahi dute antolatzaileek. 

Bi asteburuetarako iragarri dituzte ekintzak. Izan ere, urtemuga hilaren 18an ospatuko duten arren, urriaren 11n igeriketako Izarraitz Saria jokatuko dute Azpeitiko igerilekuan. Bertan, 2017, 2016, 2015 eta 2014 urteetan jaiotako Izarraitzeko, Zubiaurreko eta Taosako igerilariek parte hartuko dute. 

Urriaren 18rako, berriz, egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizean, TxapelEZketa Igeriketa Saioa jokatuko dute igerilekuan, 10:00etan hasita. Ondoren, 12:30 aldera, trikitilariekin kalejiran joango dira igerilekutik plazarantz. Han, Azoka Plazan, bazkaria egingo dute. Otordurako txartelak Elikagunean daude salgai dagoeneko. Helduek 30 euro ordaindu beharko dute bazkaritarako txartela, eta haurrek 15 euro. Bazkalostean, 16:00etan hasita, magia ikuskizuna eskainiko du Iagomagok, eta elektrotxarangaren doinuekin amaituko dute eguna. 

Hona hemen antolatu dituzten ekintzak: 

Urriak 11, zapatua:

  • 16:00: Izarraitz Saria, igerilekuan. 2017, 2016, 2015 eta 2014. urteetan jaiotako Izarraitzeko, Zubiaurreko eta Taosako igerilariek parte hartuko dute. 

Urriak 18, zapatua:

  • 10:00: TxapelEZketa igeriketa saioa, igerilekuan.
  • 12.30: Trikitilariekin kalejira, igerilekutik plazarantz.
  • 14.30: Bazkaria, Azoka Plazan.
  • 16.00: Iagomagoren ikuskizuna haurrentzat.
  • 19.00: Elektrotxaranga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide