Asteburu borobila izan da Lagun Onaken bi talde nagusientzat. Emakumeek 0 eta 5 irabazita hasi dute Ohorezko Erregional Mailako liga; eta gizonek 0 eta 1 irabazi dute Espainiako Hirugarren Mailako ligako hirugarren jardunaldia.
Emakumeek larunbat eguerdian jokatu zuten lehen jardunaldiari zegokion partida, Hernaniren kontra, hango Zubipe futbol zelaian. Azpeitiko taldea oso indartsu zelairatu zen, gol aukerak bata bestearen atzetik sortuz, eta hirugarren minuturako markagailuan aurretik jartzea lortu zuen, Elene Alonsok area ertzetik sartutako gol bati esker. Bigarrena lau minutu geroago egin zuen June Casinak, eta horrela, 0 eta 2koarekin, iritsi ziren atsedenaldira.
Hernanikoek apenas egin zieten minik Azpeitikoei, ez lehen zatian, ez bigarrengoan, Aitor Zubizarretaren eta Iñigo Segurolaren jokalariak lehen zatiko jarrera berarekin atera baitziren zelaira bigarren zatian ere. Horrela, 56. minutuan, bere bigarren eta taldearen hirugarren gola sartu zuen Elene Alonsok; eta azken hamar minutuetan beste bi egin zituen Joane Kortak: bata, buruz, korner batean; eta bestea, area kanpotik. Horrela, 0 eta 5 irabazita, hiru punturekin bueltatu ziren Azpeitikoak.

Gizonen lehen taldeak, berriz, larunbat arratsaldean jokatu zuen Errenteriako Fanderia futbol zelaian, Touringen kontra. Partida gogorra izan zen bi taldeentzat. Lehen zatian, inoren nagusitasunik ez eta gol aukerarik ere ia batera ez, ez talde batentzat, ez bestearentzat. Lehen gola sartzen zuen taldeak hiru puntuak poltsikoratuko zituen itxura guztia zuen, eta halaxe izan zen. Bigarren zatiko lehen minutuetan, Jon Sorazu zestoarrak sartu zuen, Alex Letamendiak hasi eta Unax Odriozolak jarraitutako jokaldi bat dotore bukatuta. Handik aurrera markagailuan zuten abantailari eusteko helburuarekin aritu ziren lanean Jose Luis Riberaren mutilak, eta halaxe iritsi ziren partidaren bukaerara.