Urriaren 1ean, asteazkenarekin, Jubilatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Eguna ospatzeko festa egingo dute aurten ere Azpeitiko jubilatuek eta pentsiodunek Azoka Plazan.
Aurrekoetan bezala, bazkaria eta dantzaldia egingo dituzte, eta ospakizun horretarako izena eman behar da aurretik. Hain zuzen ere, izena eman nahi dutenek gaur eta bihar izango dute horretarako aukera, Baigeraren bulegora joanda.
"Jauntxokeriaren aurrean", mobilizazioa
Urriaren 1ean ospatzeko elkartuko diren Azoka Plazako atarian elkartu ziren atzo ere herriko erretirodunak, Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformak pentsio duinen alde deitutako asteleheneroko elkarretaratzean.
Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko Herri Ekimen Legegilea (HEL) izapidetzearen aurka egin ondoren, mobilizazio jendetsuak egin zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunek joan den zapatuan, erabaki hori salatzeko. Hilaren 20koaren ondoren, "Eusko Jaurlaritzaren jauntxokeriaren aurrean" mobilizatu direla eta mobilizatzen jarraituko dutela berretsi dute hiru lurraldeetako pentsiodunek. "Mobilizazioak Eusko Jaurlaritzaren autoritarismoa onartzeari uko egiten dion gizartearen oihua izan ziren", dio atzo Azpeitiko elkarretaratzean ere irakurri zuten pentsiodunen mugimenduko balorazio irakurketak.
EAJri eta PSE-EEri gutuna
Irakurketa hori Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE-EEri zuzenduta idatzi duten gutunaren laburpena da, nolabait.
Gutun hori bi alderdion Gasteizko, Bilboko eta Donostiako egoitzetara eraman zuten atzo pentsiodunek, eta bi alderdiek edo bietako batek ordezkaritza duen herrietan ere helaraziko diete gutuna. Horrela, Azpeitian, EAJri helaraziko diote gutuna plataformakoek.
Etzi, irailak 25, Gasteizen beste manifestazio bat iragarri dute jubilatuek eta pentsiodunek, egun horretan erabakiko baitute Eusko Legebiltzarrean pentsioak oinarrizko soldatarekin parekatzea eskatzen duen HELa tramitatzea onartzen duten ala ez.