Zaintzen errealitatea aurkeztuko dute asteartean jendaurrean

Nerea Uranga 2025ko ira. 24a, 12:10

Zaintza Mahaiaren aurkezpena apirilean. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko zaintza beharren eta errealitateen diagnostikoa egin du udalak. Horretarako, herritarren artean galdetegia egin du nahiz eragileen, familiako zaintzaileen, zaintzaile profesionalen eta zaintza jasotzen dutenen iritziak jaso ditu. Diagnostiko horren aurkezpena nahi duten herritar guztientzako irekia izango da, irailaren 30ean, 17:00etan, Azoka Plazako aretoan.

Udaberrian jarri zuen udalak martxan "adinekoen zaintza eredua eraldatzeko prozesua", Azpeitiko "zaintza ekosistema" osatzeko helburuarekin. Horretarako, apirilean herritarrekin, eragileetako eta erakundeetako ordezkariekin osatutako Zaintza Mahaia aurkeztu zuten. Orduan iragarri zuten herriko zaintza beharren eta errealitateen diagnostikoa egitea izango zela lehen pausoa, eta azterketa hori bukatuta, orain jendaurrean emaitzak aurkeztuko dituzte.

Herriko zaintza beharrean eta errealitateen azterketaren emaitzaren berri datorren asteartean, irailaren 30ean, 17:00etan hasita emango dut Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Aurkezpen saioa nahi duten herritar guztientzako irekia izango da, eta udalak herritar guztiak gonbidatu ditu: "Zaintzen errealitatearen gaineko diagnostiko kualitatiboaren emaitzak aurkeztuko dituzte, eta gaiaz elkarrekin hausnartzeko aukera izango da". Aurkezpen ekitaldira joateko asmoa dutenek aurrez izena ematea komeni dela adierazi du udalak, eta izena lotura honetan eman behar da.

Herritarrek –etxeetara udalak bidalitako galdetegiaren bidez– eragile publiko, pribatu eta komunitarioetako ordezkariek, familiako zaintzaileek, zaintzaile profesionalek eta zainduak diren herritarrek esandakoekin osatu dute diagnostikoa.

Zaintza Mahaiak aurrera begira dituen asmoak ere azalduko dituzte astearteko saioan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide