Itxuraz berrituta, handituta, eta barruko antolaketa berriarekin ekin dio ikasturte berriari Azpeitiko Emakumeen Txokoak. Atzo egindako eraberritzeen berri emateko ateak ireki zituzten, eta gune bakoitzari eman nahi dioten funtzioari eta erabilerari buruzko azalpenak eman zituzten Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak, Malen Aldalur sail bereko teknikariak eta Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko teknikariak.
"Obra handirik egin gabe" Emakumeen Txokoaren espazioak antolatzea eta gune bakoitza izango duen funtziorako edota erabilerarako atondu nahi izan dute. Horretarako, koloreekin eta argiztapenarekin jokatu dute, eta horretan Etchola Atelierreko Oihane Larrañaga diseinatzailearen laguntza izan dute. Gune bakoitza atontzeko eta antolatzeko hartutako erabakien arrazoiak ere azaldu zituzten Emakumeen Txokoko arduradunek atzo ate irekierara joandako jendearen aurrean.
Emakumeen Txokoan emango dituzten ikastaroetan, ekintzetan zein parte hartze guneetan izena emateko epea zabalik dago urriaren 3ra bitartean. Ikasturte berrian gainera, bi zerbitzu berri ere emango dituzte: aholkularitza psikologikoa eta indarkeria matxista kasuei eskainiko zaien bidelaguntza. Zerbitzuez gain, ikastaroak, liburu aurkezpena eta beste hainbat saio antolatu dituzte udazkenerako. Hemen irakur daiteke udazkeneko eskaintzaren eskuorri osoa.