Palestinaren alde eta genozidioa salatzeko elkartu dira Izarraizpen eta Ikasberrin

Mailo Oiarzabal 2025eko irailaren 26a

Gure Haurrak Ere Badira ekimenak hezkuntzako sindikatu guztien babesarekin egindako deialdiarekin bat egin zuten atzo. Datozen ostegunetan ere mobilizatzekoak dira.

Hezkuntza arloko sindikatu guztien babesarekin, Euskal Herriko ikastetxe guztietan haur palestinarren alde eta Israel gauzatzen ari den genozidioa gelditzeko eskatuz ostegunero bilkurak egiteko dei egin du aste honetan Gure Haurrak Ere Badira ekimenak.

Deialdi horrekin bat egin zuten atzo Izarraizpe ikastola publikoan eta Ikasberri ikastolan.

Izarraizpen, eguerdian elkarretaratzeak egin zituzten HHko eta LHko eraikinetan, eta DBHko zein Batxilergoko irakasleek saihesbide ondora eraman zuten protesta, Izarraizpe Palestinarekin zioen pankartarekin. Horrez gain, umeen sarrera-irteera orduetan, Desgaraian taldearen Wafa abestiaren bertsioa entzungai izan zuten bozgorailuetatik, eta geletan ere landu zuten gaia ikasleekin. "Genozidioak aurrera darrai. Horren jakitun, eraildako 20.000tik gora ume horiek eta egunero genozidioa pairatzen ari direnak gogoan, gure ahotsa altxatu nahi dugu", adierazi dute Izarraizpekoek. Datozen asteetan ere mobilizatzen jarraituko dutela aurreratu dute: ostegunero, 17:00etan, HH nahiz LHko jolastokietan elkartuko dira, eta "hezkuntza komunitate osoari dei" egin diote mobilizazio horietan parte hartzera.

Ikasberrin, LAB sindikatuak deituta elkartu ziren atzo hango langileak. Hezkuntza komunitatea Palestinarekin! Genozidioa STOP! leloarekin, "Palestinari elkartasuna adierazi, palestinarrak pairatzen ari diren genozidioa gelditzea eskatu eta Israelekin harreman oro etetea" eskatu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide