Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Fusilatu zutenetik 50 urtera, Azpeitiko Udalaren aitortza jaso dute Angel Otaegik eta haren senideek

Julene Frantzesena 2025ko ira. 25a, 18:17

Arratsaldean egin dute oroimen ekitaldia udaletxeko areto nagusian. Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek adostutako adierazpen instituzionala irakurri du Nagore Alkorta alkateak, eta esan du Otaegirekin eta haren familiarekin daukan "zor morala" kitatzea nahi izan dutela gaurko ekitaldiarekin. Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagak eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari, urte guztiotan egindako lanagatik. Zapatuan beteko dira 50 urte Francoren erregimenak Otaegi nuarbetarra, Juan Paredes Txiki zarauztarra eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituela.

Azpeitiko Udalaren aitortza jaso du gaur Angel Otaegi zenak. Francoren erregimenak fusilatu zuen nuarbetarra 1975eko irailaren 27an, Burgosen, eta egun berean hil zituzten, halaber, Juan Paredes Txiki zarauztarra eta FRAPeko hiru kide. Etzi, larunbatez, beteko dira hilketa haiek jazo zirenetik 50 urte, eta gaur, Azpeitiko Udalak aitortza ekitaldia egin dio Otaegiri.

Haren senideak udaletxe aurrean elkartu dira 17:30 inguruan, eta ordurako, eraikinaren atarian zain zituzten Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Jabier Altuna EAJren udal taldeko bozeramailea. Elkar agurtuta, denak batera igo dira udaletxeko areto nagusira; ordurako aretoko mahaiaren bueltan ziren udalbatza osatzen duten ordezkari ia denak –EH Bildukoak eta EAJkoak–. Hainbat herritar ere joan da ekitaldira, tartean nuarbetar batzuk.

Azpeitiko alkateak bi udal taldeek adostutako adierazpen instituzionala irakurri du han bildutakoen aurrean, eta azpimarratu du giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsona guztiek dutela egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea. Halaber, hark esan du giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak ezarritako printzipio etikoetan oinarritutako adierazpena dela gaur jendaurrean irakurri duena, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortu zituela Txiki eta Otaegi 2012an.

Adierazpenean jaso dutenez, Otaegirekin eta haren familiarekin daukan "zor morala" kitatzea nahi izan dute gaurko ekitaldiarekin. "Aipamen berezia egiten diogu bere familiari eta jasan duen sufrimendu gehigarriari. Familiarengana hurbildu nahi dugu erantzukizunez, egiaz eta enpatiaz", adierazi du alkateak. Horrez gain, adierazpena "ahots politiko guztien adierazle bateratua" izatea nahi dutela ere jaso dute udaleko bi alderdiek adostutako testuan, "Angel Otaegiri egindako injustiziaren aurrean elkartasun eta gizatasun adierazpen bat, eta erakunde publiko bezala daukagun erantzukizunetik, aitortza eta erreparazioa lortzeko gogoeta bat izatea".

Udaletxeko aretoan ziren Otaegiren senideak, udal ordezkariak nahiz herritarrak txaloka hasi dira Alkortak testua irakurtzea bukatu duenean. Haren atzetik Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagak hartu du hitza, eta hark esan du "Euskal Herriaren historiaren parte" dela Txikiri eta Otaegiri gertatutakoa, eta hori jakin egin behar duela jendeak. Haren arabera, fusilamenduen 50. urtemugako uda "gogorra" izan da senideentzat, nahiz eta "pozgarritzat" jo duen gertatutakoarekin "hainbeste jende" akordatu izana.

Txanponaren bestaldean dago, baina, Ezker Abertzaleak Zarauzko Santa Barbara menditik zintzilikatu zuen olanaren bueltan sortutako zurrunbiloa. Horri lotuta, Gogora Institutuko zuzendariak egindako adierazpenak deitoratu ditu hark, "lehen mailako eta bigarren mailako biktimak bereizi" dituelako: "Berak esan du biktima guztiak ez direla berdinak". Izan ere, Alberto Alonso Gogorako zuzendariak esan zuen Txikik eta Otaegik "frankismoaren erreminta berberak" erabiltzen zituztela. Urtuzagak, ordea, Otaegik egindakoarekin "harro" daudela esan du. "Amari burua goian izateko esan zion, eta gu haren nahia betetzen ari gara. Angelez harro gaude".  Azpeitiko Udalari eskerrak eman dizkio, gainera, Urtuzagak, urte guztiotan emandako babesagatik.

Segidan, Jabier Altuna EAJren bozeramaileak nahiz alkateak lore sorta eman diote Urtuzagari, eta ekitaldia bukatzeko, Iraia Bereziartua musikariak Al Alba abestia eskaini die han bildutakoei, biolin doinuz.

Adierazpena, osorik

Honako adierazpen instituzional hau irakurri du Nagore Alkortak udalbatzarrean:

"Angel Otaegi Etxeberria herri honetako bizilaguna erregimen frankistak exekutatu zuen Burgosen 1975eko irailaren 27an.

1974ko azaroaren 18an atxilotu zuten bere etxean, eta haren aurkako gerrakontseilua 1975eko abuztuaren 28an egin zen. Prozesua, epaia eta exekuzioa agintari frankistek adostutako politika errepresiboaren testuinguruan gertatu ziren. Bidezko prozesu batek bete beharreko printzipioak urratzen zituen prozesu horrek, betiere giza eskubideak babesteko nazioarteko tresnetan ezarritakoaren arabera. Sumarioko material dokumentalaren elementu asko falta dira, baina haren azterketak argi uzten du, alde batetik, froga objektiboak falta zirela, eta, bestetik, komunikazio zuzena izan zela agintari judizial militarren eta armadako ministroaren beraren artean. Interkomunikazio horrek nabarmen uzten du Gobernu frankistak esku hartze zuzena izan zuela Otaegi exekuziora eraman zuten ebazpen judizialetan.

Bai epaia, bai exekuzioa zalantzan jarri ziren judizialki eta sozialki. Manifestazioak egin ziren epaiketaren prozeduraren aurka, epaiaren aurka eta haren ondorioz erabakitako fusilamenduaren aurka.

Angel Otaegi Etxeberriaren exekuzioak bizitzeko eskubidea urratzen du, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak jartzen duen moduan.

Giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsona guztiek dute egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea, halaxe ezartzen baitute 2005eko abenduaren 16an Nazio Batuetako Batzar Orokorrak onartutako oinarrizko printzipioak eta jarraibideek: "Giza eskubideei buruzko nazioarteko arauen urraketa nabarien eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien biktimek errekurtsoak jarri eta erreparazioak lortzeko duten eskubideari buruzko oinarrizko printzipioak eta jarraibideak".

Memoria publikoaren politika egiteak ondorio bat dakarkio Azpeitiko Udalari: bere ekimen guztiak giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak ezarritako printzipio etikoetan egituratuko dira, baita adierazpen hau ere.

Horrenbestez, erantzukizun instituzional horretatik abiatuta, udal honen borondatea da memoria publikoaren politika bat egitea, eta horren bidez egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea betetzea. Eta hori Angel Otaegi Etxeberriari egindako aitortzazko erakunde adierazpen honetan gauzatzen da, bere ondare preziatuena kendu ziotelako: bizitza.

Aurrez adierazitakoari herriko testuingurua erantsi behar zaio. Azpeitiko Udala, 2013. urtetik hona, apustu garbia ari da egiten memoria historiko eta demokratikoaren esparuan, egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidean sakontzeko. Azpeitia izan da 1936ko gerratik hasi eta gaur egunera arteko memoriari buruzko ikerketa osoa egin duen Hego Euskal Herriko lehen udalerria. Memoria historikoa berreskuratuz, frankismoaren errepresioa eta azken hamarkadetako biolentzia politikoa ikertu ditu, eta giza eskubideen urraketak eta biktimak identifikatu.

Gauzatutako ekintza zehatzei dagokienez, honako hauek aipa daitezke: liburuak, omenaldiak, hitzaldiak eta erakusketak antolatu ditugu; irailaren 19a Azpeitiko memoriaren egun gisa instituzionalizatu dugu; Loiolan oroimenerako gune bat egokitu dugu; azpeitiaoroimena.eus ataria sortu...

Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimak ebaluatzeko Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak sortutako batzordeak 2012an, biktima izaera onartu zion Otaegiri, heriotza zigorra jaso zuen gerra kontseiluan epaiketa justu baterako eskubidea urratu zitzaiolako.

Gaur, Angel Otaegi Etxeberriaren fusilamenduaren 50. urteurrenean, aitortzazko adierazpen instituzional indibidualizatu hau egingo dugu. Berandu datorren adierazpen bat, seguru asko. Urte luze hauetan erakundeek ahanztura instituzionala eragin dute, eta ez dira eskubide nagusien bermatzaile izan. Horrenbestez, adierazpen honek zera nahi du: Angel Otaegi Etxeberriarekin eta bere familiarekin daukagun zor morala kitatu.

Aipamen berezia egiten diogu bere familiari eta jasan duen sufrimendu gehigarriari. Familiarengana hurbildu nahi dugu erantzukizunez, egiaz eta enpatiaz.

Gure nahia da adierazpen hau ahots politiko guztien adierazle bateratua izatea, Angel Otaegi Etxeberriari egindako injustiziaren aurrean elkartasun eta gizatasun adierazpen bat izatea, eta, erakunde publiko bezala daukagun erantzukizunetik, aitortza eta erreparazioa lortzeko gogoeta bat izatea.

Eskubideak errespetatuz eta urraketak baztertuz eraiki behar da memoria. Horregatik Udal honen nahia eta konpromisoa da lanean jarraitzea azpeitiarrok gure antzinako eta iragan hurbileko historiako edozein unetan jasandako urraketa guztiak aitortu eta erreparatzeko.

Iraganak ezin du aitzakia izan bizikidetzaren bidea ez egiteko. Espero dugu jokabide horrek bakearen eta giza eskubideen kultura sustatzea, eta oinarri sendoak finkatzea Azpeitian bakezko eta bizikidetzazko etorkizun bat eraikitzen jarraitzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide