Oraindik urtearen amaiera hiru hilabetera bada ere, Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo talde hara begira jarrita da dagoeneko. Datorren asteazkenean, urriak 1, zabalduko dute haiek 24. Azpeitiko San Silbestre lasterketarako izen-ematea; urtea lasterka amaitu nahi dutenek, Kirolprobak webgunean izango dute inskripzioa online egiteko aukera. Azken urteetako Ondo bukatu eta hobeto hasi leloari eutsiko diote beste urte batez Xeyekoek.
Hiru proba edo lasterketa izango dira aukeran abenduaren 31n, Azpeitiko kaleetan: lasterketa inklusiboa, 12 urtetik gorakoentzako 3 kilometroko lasterketa eta 6 kilometroko proba nagusia. 3 kilometroko lasterketarako, guztira, 200 dortsal aterako dituzte antolatzaileek, eta 6 kilometrokorako, 1.200 dortsal. Ibilbideak iazkoa izango du oinarri, baina antolatzaileek azaldu dute aurreneko kilometroa Burdinbidearen Euskal Museotik bideratuko dutela, "irteera zabalagoa" izan dadin eta ibilbide herrikoia toki batzuetan "irekiago" egiteko.
Bada, ordea, izena ematerakoan kontuan izan beharreko kontu bat: kamisetarena. Izen-ematearekin batera parte hartzaileek probako kamiseta hartu nahi badute, 14 euro ordaindu beharko dute inskripzioa; kamisetarik gabeko izen-ematea, berriz, 8 euro. Abenduko hotzak sor dezakeen beldurretik urrun, gainera, antolatzaileek aurten bi kamiseta mota jarri dituzte aukeran: ohiko mauka motzeko kamisetaz gain, korrikalariek tirantedun kamiseta eskatu ahal izango dute.
Xeyekoek urtero-urtero ekimen bereziren bat egin ohi dute San Silbestre lasterketari lotuta, eta aurten, Erniarraitz bertsozale elkartearen 25. urteurrena izan dute gogoan. Iaz abiatu zuten Sei kilometro, sei esaldi, sei irudi egitasmoari, aurten 'sei bertso' esaldia gehitu diote zerrendan. Hori hala, Erniarraitzen mende laurdeneko ibilia lasterketaren irudian jaso dute. "Lasterketaren irudiak korrikaldia, Azpeitiko plazako kioskoa eta bertsolaritza islatu nahi ditu. Korrikalariaren dortsaleko 25 zenbakiarekin Erniarraitz elkarteari egin nahi izan diogu keinu berezia", azaldu dute.
Antolakuntzaren lagunak
Antolatzaileek beste berrikuntza berri bat ere iragarri dute aurtengo probarako. Sari banaketa amaitu ostean, 13:30-14:00 inguruan, muntaketa guztia jasotzen laguntzen duten 25 lagunek doan izango dute proba egin ahal izateko dortsala. Ez hori bakarrik; kamiseta bat eta antolakuntzako zira bat ere jasoko dituzte horiek.
Lan horretan lagundu nahi dutenek, ordea, aurrez jarri beharko dute harremanetan Xeye taldearekin. Horretarako, azpeitikoss@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da. Laguntza eskaintzeko beren burua aurkezten duten aurreneko 25 lagunek izango dute horretarako lehentasuna, eta antolatzaileek kode bat emango diete ondoren horiei guztiei, haiek izen-ematea doan egin dezaten.