Gaur Euskal Herriaren memoriarako egun garrantzitsua da: izan ere, 50 urte bete dira gaur Angel Otaegi eta Juan Paredes Txiki ETAko militanteak eta Xose Humberto, Jose Luis Sanchez zein Ramon Garcia FRAPeko militanteak fusilatu zituztela. Nuarbetarra zen Otaegi, eta Sortuk deituta, auzo horretako hilerrian lore eskaintza egin diote gaur goizean. Ikurrinak eta lore gorriak eskuetan, han izan dira Otaegiren senitartekoak nahiz hainbat herritar.
Bertso doinuekin ekin diote ekitaldiari. Herritar batek hiru bertso bota ditu, eta honako hau zioen azkenak: "Herrialdeak izaten dira / denak elkarren antzeko / diferentziak baina badaude / eta dira mantentzeko / eskubiderik basikona da / aukera aukeratzeko / gure eskutan dago geroa / baina ez inposatzeko / gu desarmatu ginan bezela / besteak desarmatzeko".
Jarraian, txistu eta danbolin doinuen laguntzarekin, agurra dantzatu diote Angel Otaegi zenari, haren ilobiaren parean, eta loreak utzi dizkiote. Segidan, Ander Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak hartu du hitza. Hark gogoratu du, diktadura frankistaren aurka egin zuten bi gazte akabatzeaz gain, "Euskal Herriaren askatasun egarria itotzea" ere bazutela helburu fusilamendu haiek. Gertakari haiek igaro eta bi hilabete eskasera hil zen Francisco Franco diktadorea, baina Juan Carlos Borboikoak hartu zuen haren lekukoa, hura estatuburu izendatu baitzuten: "Dena ondo lotuta utzi zuten", adierazi du.
Memoria, "bizi-bizirik"
Dena dela, 1975eko gertakari haien "memoriak eta orbainak oraindik bizi-bizirik" daudela azpimarratu du Larrañagak, bai Nuarben, bai Azpeitian, baita Euskal Herrian ere. "Gure herriaren nazio izaera ukatua izan da, eta horregatik, herri honetara itxaropena ekarri zuten belaunaldi haien askatasun egarriak ere bizirik jarraitzen du oraindik, eta hala iritsi da guganaino, hamarkadaz hamarkada. Euskal Herria askatzera lotu gara milaka herritan, eskuz esku herri hobe bat eraikitzeko ametsera batu gara. Eta nola ez, Otaegik eta Txikik ere bizi bizirik diraute gure artean. Beraz, 1975eko urte seinalatu hartatik 50 urte igarota, Euskal Herriak badu zer oroitu. Eta badugu zer ospatu eta zer aldarrikatu ere. Euskal Herriaren askatasunaren grinak bizi-bizirik jarraitzen du, eta milaka lagunek egunero elkarrekin hauspotzen dugu hori. Ondo lotuta utzi nahi izan zuten korapilo hori askatzeko momentua da. Ospakizun eta aldarri horiekin elkartu gara gaur beste behin hemen, Nuarben", esan du. Eta arratsaldean Iruñean gauza bera egingo dutela gogorarazi du, Sortuk antolatutako nazio ekitaldian, Askatzera lotuak lelopean.
Amaitzeko, Eusko gudariak abestu dute Nuarbeko hilerrian elkartutako guztiek, eta Mertxe Urtuzaga Otaegiren senideak esker hitzak eskaini dizkie bertaratutakoei, baita Azpeitiko Udalari ere.