Domusa Teknik ISBk modurik hoberenean ekin dio LF Challenge ligari. Atzo, zapatua, Santfeliuenc taldearen aurka neurtu zituen indarrak Luis Agirre Katxi entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak Azpeitiko kiroldegian, eta 81-67 irabazi zuten haiek. Lehen laurdenean txikitu zuen lehia ISBk, eta ondorengo hiruretan orduan lortutako 11 puntuko errentari eusten asmatu zuen taldeak.
Gauzak ondo atera zitzaizkion lehen erdian etxeko taldeari; are gehiago, atsedenaldirako abantaila hamabost puntukoa izatea erdietsi zuen. Handik bueltan bisitariek hobekuntzarako zantzuak erakutsi bazituzten ere, ez ziren gai izan Agirrerenak estu hartzeko, eta hala, eroo aritu zen Azkoiti-Azpeitiko taldea lehiaren azken hondarrera arte.
Talde lanean oinarritu zuen atzo garaipena ISBk; horren erakusgarri da taldeko bost jokalarik –Barbora Tomacovak, Geraldynn Leaupepek, Jone Azkuek, Elodie Lalottek eta Skylar Vanek– hamar puntutik gora saskiratu izana. Hain justu, Van izan zen taldeko jokalari onena; hegaleko pibotak hamabost puntu saskiratu zituen, eta guztira, hemeretzi puntuko balorazioa lortuta.
Aurreneko garaipena poltsikoan dutela, Errioxara egingo dute bidaia datorren asteburuan ISBko emakumeek. Bigarren puntua eskuratzea amets, Bosonit Unibasket izango dute arerio zapatuan, Logroñoko Lobete kiroldegian (19:00). Lehia hori eta gero, ordea, bi taldeetako batek menderatuko du bestea sailkapenean; izan ere, aurreneko jardunaldian biek lortu dute garaipena. Etxean erakutsi ohi duen sendotasuna etxetik kanpo ere azaldu beharko du ISBk aurten, bai behintzat sailkapeneko goiko postuak gertutik jarraitu nahi baditu.
Gizonak, kopatik kanpo
Biele ISBk, bestalde, Espainiako Koparen atariko faseko partida jokatu du gaur, igandea, Azpeitiko kiroldegian. Logrobasket Logi7 taldearen aurka neurtu ditu indarrak Iñigo Nuñezen taldeak, eta 64-75 galdu dute. Aurreneko laurdenean zigor handia jaso dute otsoek, 29 puntu jasota. Gainera, ohartzerako urrundu zaizkie otsoei arerioak; hamasei puntuko aldea atera diete Errioxakoek ISBkoei lehen hamar minutuan. Gainera, bigarren laurdenean ere ez dute lortu etxekoek markagailua itxuratzerik, ez behintzat gerora lehia borrokatzeko bezainbeste.
Bisitariek une oro kontrolpean izan dute norgehiagoka, baita hirugarren laurdenaren erdialdean ISB hamar puntu eskaseko langara hurbildu denean ere. Azken laurdenerako utzi du Azkoiti-Azpeitiko taldeak azken oldarraldi saiakera, eta une batez zortzi puntura arrimatu bada ere, bi puntuko bi saskiratze lortuta deuseztatu dituzte otsoen ehizarako asmo guztiak.
Kopatik kanpo, Espainiako Bigarren FEB ligan pentsatzea besterik ez zaio gelditzen orain Biele ISBri. Datorren asteburuan ekingo dio Iraurgiren gizonen taldeak liga txapelketako sasoi berriari, eta etxean du hitzordua. Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute otsoek igandean, 18:00etan hasita. Hain justu, gaur Espainiako kopako kanporaketan lehiakide izan duten talde bera izango dute kontrario Nuñezenek: Logrobasket Logi7.