'Azken eguzkilorea' haurrentzako antzerkia doan ikusteko aukera izango da igandean

Maddi Txintxurreta 2025eko irailaren 30a

'Azken eguzkilorea' antzerkiko pertsonaiak, taularen gainean. (Kulturaz kooperatiba)

Patata Tropikala antzerki laborategiak ondutako lana 17:00etan emango dute igandean. Sarrera doakoa izango da.

Haurrentzako eta familientzako antzerkian ibilbide luzea duen Patata Tropikala laborategiak Azken eguzkilorea izeneko lana ekarriko du igandean Azpeitira. 17:00etan hasiko da emanaldia Soreasu antzokian, eta sarrera doakoa izango da.

Azken eguzkilorea-k Kattalin izeneko neskatila bat du protagonista. Egun batean, baserritik herrira jaitsiko denean, ohartuko da bere lagun guztiak desagertu direla. Gertatutakoa ulertzeko gogoak eramango du euskal mitologiako hainbat pertsonai ezagutzera: Mari, Basajaun, Tartalo, galtzagorriak, jentilak, eta baita Nokturnoa ere.

Patata Tropikala laborategiaren antzerki honek txotxongiloak, maskarak, antzerkia, umorea eta irudimena nahasten ditu. Gainera, euskal mitologian murgiltzeko aukera ematen die ikusleei, eta gaurkotasun handiko gai bati ere helduko dio zeharka: klima larrialdiari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide