Asteburu borobila izan da Lagun Onaken bi talde nagusientzat. Emakumeek 3-1 irabazi zuten zapatu goizean jokatutako partida, eta gizonek 3-0, igande arratsaldean jokatutakoa. Bi taldeek Garmendipen jokatu dute oraingoan; horrenbestez, etxean gelditu dira jokoan zeuden puntu guztiak.
Zapatuan 09:30ean hasita jokatu zuten emakumeek Debagoiena Bailara taldearen kontra, Ohorezko Erregional Mailako ligako bigarren jardunaldiko norgehiagoka. Bigarren minutuan aurreneko gola jasota, partidara sartzea asko kostatu zitzaien etxekoei, eta Debagoiengoak nagusi izan ziren lehen hogei minutuetan, batez ere intentsitatean. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, zelaian beraien lekua egiten joan ziren Lagun Onakekoak, eta atsedenaldira 2-1ekoarekin ailegatzea lortu zuten, Nahia Agirrezabalagak eta Joane Kortak sartutako gol banari esker. Bigarren zatian beste itxura bat emanez zelairatu ziren etxekoak. Baloiaren ia erabateko jabetza izan zuten, eta 62. minutuan horren ordaina etorri zen, June Casinak hirugarren gola sartuta.

Gizonek, berriz, igande arratsaldean Derio hartu zuten etxean, Espainiako Hirugarren Mailako ligako laugarren jardunaldian. Lehen hogei minutuetan nagusitasun argirik ez zen ikusi zelaian, baina, handik aurrera, Lagun Onakekoak arerioei gain hartzen hasi ziren, eta 28. minutuan etxekoentzako aurrena sartu zuen Unax Odriozolak area kanpotik egindako jaurtiketa batean. Horren atzetik, aukerak bata bestearen atzetik sortu zituzten Azpeitikoek, baina golik ez, eta horrela, 1-0ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ere bide beretik jarraitu zuen partidak, eta 52. minutuan penalti bat huts egin zuten arren, hurrengo jokaldian Lander Petxarromanek bigarrena sartzea lortu zuen. Hirugarren gola, berriz, neurketa bukatzeko bost minuturen faltan etorri zen. Area barruko jokaldi nahasi batean, baloia euren atean sartu zuten Deriokoek.