Organista ezagunen bilgune izango da beste urte batez Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloa

Andoni Elduaien 2025ko ira. 30a, 12:22

Erakundeetako ordezkariak, gaur, Bergarako parrokian. (Udala)

Gaur aurkeztu dute zikloa, eta guztira, hiru emanaldi izango dira Azpeitian. Loiolako basilikan izango dira kontzertu guztiak datozen hiru ostiraletan, 19:30ean hasita. Juan de la Rubiak emango du lehen kontzertua; Loreto Aramendik, Sarah Perarnaud eta Jorge Pachecok osatutako hirukoteak bigarrena; eta azkena, Matias Sagresasek eta Lucia Gomezek.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Fray Joseph Echevarria elkartearekin batera, urrian zehar hiru herri horietan egingo den Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloa aurkeztu dute gaur, asteartea, Bergaran (Gipuzkoa). Zikloak organoaren musika klasikoa eta garaikidea uztartzea ditu xede, eta aurkezpena baliatu dute kontzertuen berri emateko.

Azkoitiko parrokiako Cavaille-Coll, Loiolako basilikako Lope Alberdi eta Bergarako parrokiako Stoltz Freres organo historikoetan emango dituzte kontzertuak organo jotzaileek, beste urte batez. Guztira, hamar kontzertu eskainiko dituzte zikloaren barruan, baina hiru izango dira Azpeitian eskainiko dituztenak. Datozen hiru ostiraletan –urriak 3, urriak 10 eta urriak 17– emango dituzte kontzertuak Loiolako basilikan, 19:30ean hasita. 

Juan de la Rubia Bartzelonako Familia Santuaren basilikako organista titularrak irekiko du zikloa ostiral honetan, Loiolako basilikan. Hark Bachen, Alainen, Francken eta Tournemiren lanak eskainiko ditu, besteak beste. Urriaren 10ean, Loreto Aramendi eta Sarah Perarnaud organistak izango dira protagonista Loiolan, Jorge Pacheco perkusionistarekin batera. John Adamsen, Pierre Cochereauren, Emmanuel Sejourneren, Modest Mussorgskyren eta Carl Orff lanak eskainiko ditu hirukoteak zikloaren Azpeitiko bigarren emanaldian. Urriaren 17ko emanaldian, azkenik, Haendel, Faure, Ravel, Vierne, Guilamant eta Gounod artisten lanak jo eta abestuko dituzte Matias Sagresas organista argentinarrak eta Lucia Gomez mezzosoprano donostiarrak. 

Honako dokumentu honetan ikus daiteke aurtengo zikloan parte hartuko duten organisten informazio guztia, baita horiek hiru herrietan eskainiko dituzten kontzertuen egitarauak ere. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide