Finlandiako Laponiako Urho Kekkosen natur parkean eskiekin egindako zeharkaldiari buruzko hitzaldia eta proiekzioa eskainiko dute Mamen Etxaniz azpeitiarrak eta Mirene Zubimendi donostiarrak bihar, osteguna, 19:00etan, Mendietxe museoan. Elurretan eski gainean eta lerarekin hamar eguneko bidaia egin zuten joan den otsaila eta martxoa artean Urho Kekkosen natur parkean barrena.
Azpeitiar kirolari, bidaiari eta abenturazalearentzat, ordea, aurtengoa ez da aurreneko bidaia izan Finlandiako Laponiara: hirugarren aldia izan du. "Orain dela hiru urte joan nintzen aurreneko aldiz Finlandiako Laponiara, gidari batekin eta taldean. Zoragarri ibilita, berriro joateko prest itzuli ginen. Iaz, beste emakume bat gehiago batu zen taldera, eta oso ondo ibili ginen, berriro Finlandiako Laponian. Gida Iruñekoa da, 75 urte ditu, eta esan zigun aurten berriro ez zela itzuliko hara. Orduan, Mirene Zubimendi lagunak esan zidan: 'Eta bion artean antolatzen badugu bidaia?'. Asmo potoloa iruditu zitzaidan, baina animatu egin nintzen", azaldu du Etxanizek.
Aurten ere taldean joateko jende gehiagoren bila ibili ziren, baina inor ez zitzaien animatu eta biak bakarrik joatea erabaki zuten Etxanizek eta Zubimendik. Hala, Urho Kekkosen natur parkera joan ziren otsailean hamar egun igarotzera. Natur parke horretan txabolak daude, eta haietan igaro zituzten gauak. "Erreka ondoetan daude normalean txabolak, neguan eta udan irekita. Txabolak bi ate dituzte, ate bat urte osoan irekita egoten da eta beste atea, berriz, erreserba eginda, tokia fijo daukazu gaua pasatzeko. Guk neguan joateko ohea erreserbatuta edukitzea nahiago, eta aurrez hartu genituen Internetez", azaldu du.
Hamar eguneko ibilbide zirkularra egin zuten aurtengo bidaian bi kirolariek, eski gainean eta 33-35 kiloko pisua leran hartuta. "Laponiara egin nuen aurreneko bidaian ibilbidearen zati bat eginda neukan, eta aurtengoan, hiru egun gehiagoko ibilbidea gehitu genion ordukoari. Horrek aukera eman zigun beste bailara batzuetara pasatzeko, baina gehiago kostatu zitzaigun inguru haietan ibiltzea, jende gutxiago ibiltzen den ingurua delako eta elurretan bidea egin gabe aurkitu genuelako", azaldu du Etxanizek.
Bihar, osteguna, Mendietxe museoan eskainiko duten proiekzioan Urho Kekkosen natur parkean egindako ibilbidea eta egunerokoak azalduko dituzte bi bidaiariek. Argindarrik eta urik gabeko txabolak dira, eta hara moldatzeko zer egin behar den ere kontatuko dute.