Zaintzak hausnarketarako gai

Aitziber Arzallus 2025ko urr. 1a, 09:15

Zaintzen errealitatearen gaineko diagnostikoa herriratzeko atzo arratsaldean Azoka Plazako aretoan egin zuten saio irekia. (Aitziber Arzallus)

Zaintzen errealitatearen gaineko diagnostiko kualitatiboa egin du udalak Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibako kideen laguntzarekin eta Matia fundazioaren aholkularitzarekin, eta diagnostiko hori herriratzeko saioa egin dute. Herritar ugarik parte hartu dute, gaiak jakin-mina sortzen duenaren seinale.

Gizartea zahartzen ari da. Gutxi barru, lau azpeitiarretatik batek 65 urtetik gora izango ditu; eta datozen hamar urteetan, %34 haziko da mendekotasuna duten herritarren kopurua, nahiz eta horietako gehienek mendekotasun arina izan. Bi datu besterik ez dira, baina errealitate bat islatzen dute, eta errealitate horrek, ezinbestean, zaintzari lotutako galderak eta kezkak sorrarazten ditu herritarrengan zein erakundeengan, gero eta agerikoagoak baitira zaintza beharrei erantzuteko dauden zailtasunak eta mugak. 

Horren jakitun, Azpeitia "aintzak erdigunean jarriko dituen herri" bilakatzeko erronkari aspaldi heldu zion udalak, eta aurten, bide horretan beste urrats bat egin du herriko zaintza sarea artikulatzea helburu duen lanketa abiatuta. Prozesu horren parte, Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibako kideen laguntzarekin eta Matia fundazioaren aholkularitzarekin, herriko zaintza beharrak eta errealitateak aztertzeari ekin zion urtearen hasieran, eta bidean, Zaintza Mahaia deiturikoa ere sortu dute –apirilean aurkeztu zituzten prozesua bera eta Zaintza Mahaia–. Zaintzen errealitatearen gaineko diagnostiko kualitatiboa dagoeneko gauzatuta, hori herriratzeko saio irekia egin zuten atzo arratsaldean Azoka Plazako aretoan. Udal ordezkariak, Zabalduzeko eta Matiako kideak eta dozenaka herritar batu zituen hitzorduak, eta bi orduz aritu ziren azterketa horretatik aterako ondorioak lantzen. 

Diagnostikoa aurkezten hasi aurretik, Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuen batzordeburuak hartu zuten hitza. Goenagak nabarmendu zuen zaintzaren gaia erronka bat dela denentzat, baina Azpeitian ez direla ezerezetik abiatzen. "Hemen gauden asko egunero gabiltza horretan lanean, adinekoen beharrei erantzuten eta bidelagun izaten. Azpeitiko Udala azken urteetan indar handia ari da egiten bide horretan. Baina, gizartea asko eta azkar ari da aldatzen". Eta zenbait datu ere eman zituen, besteak beste, laguntzak jasotzen dituzten herritarrenak edota dirulaguntzak jasotzen dituztenenak. Esaterako, Azpeitian 544 lagunek dute mendekotasunen bat, 154 lagunek erabiltzen dute etxez etxeko laguntza, 24 lagunek gauekoa, eta 94 dira egoitzaren erabiltzaileak. 

Ahalik eta osoena

Diagnostikoa egiteko azterlanean herritar zein eragile ugarik parte hartu dute: norbanakoek; eragile publikoek, pribatuek eta komunitarioek; familiako zaintzaileek eta zaintzaile profesionalek; eta baita zaintzak jasotzen dituzten herritarrek ere. Horiek guztiek zaintzekiko eta zaintzen antolaketarekiko dituzten iritziak, hausnarketak, proposamenak eta abar partekatu dituzte. Informazioa biltzeko, berriz, hiru bide erabili dituzte diagnostikoa egiteaz arduratu direnek. Batetik, herriko etxe guztietara galdetegiak bidali dituzte herritarren iritzia jaso ahal izateko. 233 lagunek bete dute galdetegi hori; gehienak, hamarretik zazpi, emakumeak izan dira, eta erdiak baino gehiago, 45 urtetik gorakoak. Bestetik, talde elkarrizketak egin dituzte; hain zuzen ere, hamasei eragiletako 47 lagun elkarrizketatu dituzte. 

Aipatzekoa da zaintzarekin zerikusia duten esfera guztietako eragileekin hitz egiteko ahalegina egin dutela, diagnostikoa ahalik eta osoena izateko. Esfera publikoko –udal ordezkariak, Osasun sailekoak...–, pribatuko –baliabide prebentiboetan aritzen direnak...–, komunitarioko –jubilatuen elkarteak, farmaziak, merkatariak...– eta familia esferako kideak elkarrizketatu dituzte. Eta azkenik, banakako bost elkarrizketa ere egin dituzte. 

Horrekin guztiarekin Zaintzen errealitatearen gaineko diagnostiko kualitatiboa osatu dute Zabalduzeko kideek, 70 orrialdeko txosten mardul bat. Aurrena, Zaintza Mahaiarekin partekatu zuten diagnostiko hori, eta atzo, herritarrekin, Azoka Plazan egindako saioan. Hain zuzen ere, hortik ateratako datu esanguratsuen eta ondorioen inguruan hausnartu zuten han bildutakoek, eta herriko zaintza sarea artikulatzeko bidean aurrerantzean hartuko dituzten erabakiek ere diagnostiko hori izango dute oinarrian.

Datuak eta ondorioak

Datu eta ondorio interesgarriak jasotzen ditu txostenak, esferaz esfera banatuta. Horietakoren batzuk nabarmentzeko eskatuta, honakoa adierazi du Naiara Franco Zabalduzeko kideak. "Jendeak esaten du zaintza ez dela bakarrik zaintza fisikoa, zaintza emozionalari ere garrantzi handia ematen zaio, eta puntu horretan, bakardadea da behin eta berriz aipatzen dena. Horrez gain, askok nabarmendu dute oso indibidualistak garela, gero eta gehiago, eta horrela jarraituz gero, gauzak oso zail jarriko zaizkigula. Lehen familiartean gehiago egoten ginen, zaintzarako beste era bateko sarea genuen, baina gizartearen joera aldaketek hori ere aldatu egin dute, eta bada lehengo hura faltan sumatzen duenik. Zaintza lanena, familian zein profesionalki, oso esparru feminizatua dela ere garbi gelditu da, esfera guztietan gainera". Gizarte Zerbitzuetara laguntza eskatzera joatearen estigma ere aipatu du. "Batek baino gehiagok aipatu digute jakin badakitela udalak badituela herritarrei laguntzeko hainbat zerbitzu, baina oraindik ere kostatu egiten zaiela bertaratzea".         

Hurrengo urratsak

Diagnostikoa herriratuta, hemendik aurrera egin beharreko urratsez mintzatu da Franco. "Abian den prozesuaren helburua, Zaintza Mahaia aktibatzeaz eta herritar guztiak zaintzen inguruko aferan inplikatzeaz gain, ekintza oso zehatz eta egingarriak dituen zaintza plan bat osatzea da. Beraz, hurrengo pausoa izango da ikustea beste herri batzuetan zer egiten ari diren, eta esperientzia horietatik ikastea Azpeitian zer egin dezakegun erabakitzeko". Esperientzia inspiratzaileen saioa deitu dioten hori urtea bukatzerako egitea aurreikusten dute, eta ondoren, Zabalduzeko kideek eta Zaintza Mahaiak ekintza plana landuko dute. Ondo bidean, udaberrirako prest izango dute plana, eta beste topaketa batzuk egingo dituzte hori herriratzeko; izan ere, plan hori izango da datozen urteetan zaintzen eredua eraldatzeko bide orria Azpeitian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide