Gaur arratsaldean zabalduko dute 24. San Silbestre lasterketarako izen ematea

Nerea Uranga 2025eko urriaren 1a

Iazko San Silbestre lasterketako une bat. (Ihintza Elustondo)

Abenduaren 31n jokatuko da proba Azpeitian, Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeak antolatuta. Sei kilometroko proba nagusirako 1.200 dortsal jarriko dituzte salgai, 18:00etan, eta hiru kilometroko probarako, 200 dortsal. Kirolprobak webgunearen bidez eman behar da izena.

Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeak gaur, asteazkena, 18:00etan irekiko du Azpeitiko 24. San Silbestre lasterketarako izen ematea; urtea lasterka amaitu nahi dutenek, Kirolprobak webgunean izango dute inskripzioa online egiteko aukera.

Hiru proba edo lasterketa izango dira aukeran abenduaren 31n, Azpeitiko kaleetan: lasterketa inklusiboa, 12 urtetik gorakoentzako hiru kilometroko lasterketa eta sei kilometroko proba nagusia. Hiru kilometroko lasterketarako, guztira, 200 dortsal aterako dituzte antolatzaileek, eta sei kilometrokorako, 1.200 dortsal.

Izena ematerakoan kontuan izan beharko da kamisetaren kontua. Hau da, izen-ematearekin batera parte hartzaileek probako kamiseta hartu nahi badute, hamalau euro ordaindu beharko dute inskripzioa; kamisetarik gabeko izen ematea, berriz, zortzi euro izango da. Gainera, aurten antolatzaileek aurten bi kamiseta mota jarri dituzte aukeran: ohiko mauka motzeko kamiseta edota tirantedun kamiseta. Bestalde, izena ematearekin batera Minbiziaren Kontrako Elkartearen alde ekarpena egin dezakete hala nahi dutenek.

Urtearen azken eguneko lasterketaren aurtengo beste berrikuntza bat lasterketako laguntzaileei zuzendutakoa da. Alegia, probaren sari banaketa bukatu ostean, 13:30-14:00 inguruan, muntaketa jasotzen laguntzen duten 25 pertsonek doan izango dute proba egin ahal izateko dortsala, baita  kamiseta bat eta antolakuntzako zira bat ere. Lan horretan lagundu nahi dutenek aurrez jarri beharko dute harremanetan Xeye taldearekin, azpeitikoss@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Laguntza eskaintzeko beren burua aurkezten duten lehen 25 lagunek izango dute horretarako aukera, eta antolatzaileek kode bat emango diete ondoren horiei, haiek izena doan eman dezaten.

Erniarraitzen 25. urtemuga gogoan

Azken urteetako Ondo bukatu eta hobeto hasi leloari eutsiko diote beste urte batez Xeyekoek, eta aurten, Erniarraitz bertsozale elkartearen 25. urteurrena izango dute gogoan. Iaz abiatu zuten Sei kilometro, sei esaldi, sei irudi egitasmoari, aurten 'sei bertso' esaldia gehitu diote zerrendan. Hori hala, Erniarraitzen mende laurdeneko ibilia lasterketaren irudian jaso dute. "Lasterketaren irudiak korrikaldia, Azpeitiko plazako kioskoa eta bertsolaritza islatu nahi ditu. Korrikalariaren dortsaleko 25 zenbakiarekin Erniarraitz elkarteari egin nahi izan diogu keinu berezia", azaldu dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide