Datozen egunak magikoak izango dira Azpeitian, eta hori iragartzeko Iagomagoak azokara jo zuen atzo goizean. Magiari lotuta antolatutako Txisteratik Egun Magikoen berri eman zuen plazatik bertatik, eta azokako postuetakoak nahiz azokara joandako herritarrak magia trukoekin liluratu zituen.
Ostiralean eta larunbatean izango dira aurten urteko egunik magikoenak Azpeitian, Txisteratik Egun Magikoak jaialdia egingo delako egun horietan. Aurretik, ordea, bihar Two Bascos bakarrizketa eta magia ikuskizuna izango da 20:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. "Taberna irekita izango da, eta poteoa eginez bakarrizketaz eta magiaz gozatzeko aukera izango da", aurreratu du Iagomagok.
Biharko saiora bezala, ostiralerako eta larunbaterako antolatu dituzten magia ekitaldietan parte hartzera ere gonbidatu ditu herritarrak.
Txisteratik Egun Magikoak jaialdiaren egitaraua:
- Urriak 3, ostirala.
- 18:00. Gertuko magia galarekin hasiko da jaialdia, Dinamoa sormen guneko Gorputzaren Eremuko gelan. Eneko Gutierrez, Oier Jurado eta Paco Agrado magoak. Aurkezlea, Iagomagoa. Sarrerak 10 euro balio ditu eta salgai daude Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean.
- 20:30. Magoei zuzenduta, Paco Agradoren hitzaldia, Dinamoan.
- Urriak 4, larunbata.
- 12:00. Magia kalean, magia lehiaketa.
- 19:00. Txisteratik gala nagusia, Soreasu antzokian. Joshua Kenneth, Enzzo, Julen Magoa, Tor eta Txoborro magoak, eta aurkezlea Iagomagoa. Aipatutako magoen emanaldiez gain, eguerdiko lehiaketaren sariak ere banatuko dituzte. Sarrerak 10 euro balio ditu eta salgai daude Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean.