Global Sumud ontzidiaren zati bat gelditu du bart Israelek. Sirius ontziko tripulazioaren parte den Itziar Moreno euskal herritarrak duela egun batzuk dei egin zuen larunbatean, urriaren 4an, Iruñean (Nafarroa), Palestinarekin Elkartasuna plataformak Palestinarekiko elkartasunez deitu duen mobilizazioan parte hartzera. Plataforma horretako kide dira Euskal Herriko hainbat eragile politiko eta sozial, eta horietako batzuetako kide dira Ainhoa Alberdi (Azpeitia, 1991) eta Gaizka Arrue (Azpeitia, 1998). Larunbateko mobilizazioaren atarian elkartu da Guka haiekin, azken bi urteetako jardunaz eta larunbaterako deialdiaz hitz egiteko. Elkarrizketa aurrez egin den arren, gaur goizean galdetu die Gukak bart gauean ontzidian jazotako erasoen inguruan.
Bi urte dira Palestianarekin Elkartasuna sortu zela. Zein unetan eta zer helbururekin sortu zen elkartea?
Ainhoa Alberdi: Palestinarekin Elkartasuna plataforma duela bi urte sortu zen, oso momentu zehatz batean. Herri palestinarrak, hamarkadetan zehar jasandako erasoaldiari eta lurren galerari erantzuteko, beste ofentsiba bati ekin zion duela bi urte. Orduan jarri zen Palestina foku mediatikoan. Bat-batean komunikabide guztietan presentzia hartu zuen auziak, eta agendetako gai bihurtu zen. Hortik aurrerakoa ikusi dugu: herri palestinarraren kontrako erasoak areagotu dira eta erabateko sarraskia jazotzen ari da.
Nazioartean askotariko erreakzioak egon ziren, baita Euskal Herrian ere. Guk argi genuen herri palestinarraren borrokari elkartasuna adierazi behar geniola Euskal Herritik, eta ekarpena egin behar geniola, inolako baldintzarik gabe. Inolako baldintzarik gabe diot, baldintzez jositako elkartasun keinu hutsalak ugaritzen ikusten genituelako, bai komunikabideetan, bai politikarien ahotan, bai gizarteko hainbat eragileren hitzetan... Diskurtso eta posizio ekidistanteak bolo-bolo zabaltzen ari ziren, eta albo kalteek kezkatzen gintuzten; herri palestinarraren erresistentziarako eskubidearen eta bizitzeko borrokaren kriminalizazioa areagotzen ari zen. Pentsa, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea ere bazuela entzuten zen... Orduan jabetu ginen aurrez aipatutako ideia horiek mobilizatzeko eta presionatzeko gaitasunetan eragin itzela izaten ari zirela; ez ginela ari baldintzarik gabeko babesa ematen, eta bustitzen ez ziren diskurtsoekin Israelen existentzia legitimatzen zuten posizioak indartzen ari zirela gizartean. Kezka horien guztien aurrean elkartu ginen Euskal Herriko hainbat eragile, eta Azpeitian ere bagaude eragile horietako zenbait kide.
Gaizka Arrue: Ainhoak aipatutako eragileok adostasunez onartutako aldarri batzuen inguruan batu ginen: batetik, kriminalizatua izaten ari zen palestinar erresistentziari babesa adieraztea; bestetik, Israelen desagerpena eta Palestinaren deskolonizazioa aldarrikatzea; eta, azkenik, Israel zein sionismoa desnormalizatzea, boikot ekintzen bidez, besteak beste.
Orduz geroztik, askotariko ekintzak eta protestak egin dituzue Euskal Herrian zehar gaia gizarteratzeko. Zer balorazio egiten duzue egindako lanaz?
G.A.: Plataformak, hasteko, mobilizazio ugari antolatu ditu Euskal Herriko hiri zein herrietan, hala nola Partizio Plana, urriaren 7ko ofentsiba edo Nakba bezalako gertakari historikoak oinarri hartuta. Horrez gain, sionismoaren ordezkarien eta konplizeen aurkako seinalamenduak egin dira: CAF zein SAPA moduko enpresen aurka, enpresa horiek finantzatzen dituzten bankuen aurka (Santander, BBVA, Laboral Kutxa…), kirol talde israeldarren aurka (Maccabi, Israel Premier Tech…) edo Israelgo enbaxadorearen aurka, besteak beste. Manifestazioak ere hamaika egin ditugu, hiriburuetako Aste Nagusietan edota une garrantzitsu edo mediatikoetan, azkena Zinemaldian. Egindako lanak emaitzak eman ditu: euskal gizartearen zati esanguratsu batek gure aldarriekin bat egiten duela ikusi da, diskurtsoa erradikalizatzen joan da eta sionismoa desnormalizatzea ere, hein batean, ari gara pixkanaka lortzen. Era berean, eragindako presioagatik Espainiako Gobernua zenbait kontsezio egitera behartuta ikusi da. Uste dugu gure lanak, beste zenbait faktorerekin batera, guzti horretan eragina izan duela.
"Gatazka ez zen duela bi urte hasi, eta uste dugu hori azpimarratzea oso-oso garrantzitsua dela"
A.A.: Bai, presiorako protestek eta ekintzek emaitzak ematen dituzte. Presio sozialari esker, boikot kanpainei esker eta herri antolatu batek eragin dezakeenari esker, Israelekiko hainbat konplizitate etetea lortu da. Harremanak mozte horrek Israelgo proiektu sionista ahuldu egiten du. Nolanahi ere, uste dugu presiopeko erantzun asko, batetik, oso berandu datozela, eta, bestetik, hankamotz gelditzen direla. Herri palestinarra itotzen ari dira.
G.A.: Espainiako Gobernuak eta Europako beste hainbat gobernuk hartutako neurriak aurpegi zuriketa besterik ez dira izan, La Vueltako protestek eta Global Sumud ontzidiaren ekimenak eragindako presioaren ondorioa izan direlako. Genozidioan daukaten ardura gainetik kentzea dute helburu; herri palestinarra babestu nahi balute, aspaldi hartuko zituzten neurri eraginkorrak. Uste dugu beharrezkoa dela Euskal Herrian sionismoarekin mantentzen diren harremanak seinalatzen jarraitzea: harreman komertzialak, kulturalak –kirol arlokoak, musikari loturikoak– zein diplomatikoak.
Bi urte igaro dira gatazka lehertu zenetik. Zein da egungo egoeraz egiten duzuen irakurketa?
A.A.: Gatazka ez zen duela bi urte hasi, eta uste dugu hori azpimarratzea oso-oso garrantzitsua dela. Foku mediatikoa hartu zuen, eta foku mediatikoak markatzen ditu gure bizitzen noranzkoak, baina Palestinaren kolonizazioak hamarkadak ditu, gutxienez. Israelen sorreraz hitz egin behar dugu, herri palestinarraren garbiketa ulertu nahi badugu. Izan ere, ez du beste hitzik, herri oso bat mapatik ezabatzeko ahaleginetan ari dira. 1948ko Nakba “hondamendia” hartu ohi da abiapuntutzat, herri palestinarra desagerrarazteko Israelgo estatuak martxan jarritako desjabetze eta garbiketa etnikoaren proiektua azaltzerakoan. Israel, ordea, ez da izan arduradun bakarra, Europak ere erabateko babesa eman dio urte luzez, proiektu sionista garatzeko eta indartzeko, eta honaino iritsi gara.
Egungo egoera ikusten ari gara, zifrak eta irudiak guztiok ari gara ikusten, baina Taher aktibista palestinarrak Azpeitian emandako hitzaldian esandakoak gogorarazi nahi ditut. Argi azaldu zuen Gazako genozidioaz gehiago ala gutxiago denok ari garela jabetzen, baina ezkutuan gauza asko ari direla pasatzen. Gatazka Gazara ez dela mugatzen azpimarratu nahi izan zigun. Basakeria pila bat ari zirela gertatzen, baina kamuflatuta pasatzen ari direla: Zisjordanian ere, adibidez, hiriak erabat suntsitu dituztela, etxebizitza asko eta asko lekualdarazi egin dituztela, lur zati txiki horretan dozenaka mila errefuxiatu daudela. Eta hori ez da ari erreakziorik eragiten. Gazakoa zitala ari da izaten, baina Palestinako auzia bere osotasunean da zitala. 1948ko lurraldeetako palestinarren egoeraz ere ohartarazi zigun: Nakban zehar Israelgo estatua deritzon horretan gelditzea erabaki zutenik ere bada, eta horiek herritartasun israeldarra dute, Apartheid egoeran bizi dira, arraza-lege askoren menpe daude... Azken egunei begiratuz gero, eskala handiko lurreko inbasioa hasi du, Gaza hiria hartzeko asmoarekin, eta Zisjordaniako anexio planarekin ere aurrerapausoak ematen hasia da.
"Egungo egoeraren irakurketa interesatuek eta ekidistanteek kezkatzen gaituzte, zapalduak eta zapaltzailea parekatzen dituztenek"
Beraz, gatazka eskualdetik harago doa.
G.A.: Bai. Israel nonahi sartzen ari da muturra, eta ondorioak izaten ari da, bai Libanon, bai Yemenen, bai Sirian, adibidez. Plataformako kideok argi ikusten duguna da herri palestinarrak ez balu eutsiko, ez balego erresistentziarik, jada desagertuta legokeela, eta horri eman nahi diogu balioa. Palestina aurrera aterako bada, erresistitu eta borroka egin duelako da, eta horretan eskualdeko aliatuek hauspoa eman diote.
A.A.: Gu egungo egoeraren irakurketa interesatu eta ekidistanteek kezkatzen gaituzte, zapalduak eta zapaltzailea parekatzen dituztenek. Zapalduari bere burua defendatzeko eskubidea ukatzera garamatzate. Ez badugu gatazka irakurtzen proiektu kolonial sionista bat herri palestinarra desagerrarazten saiatzen ari dena, ez diogu herri palestinarrari elkartasun eraginkorra emango. Areago, adierazpen horietako batzuk Hamas eta Israelen arteko gatazkatzat jotzen ari dira, eta dikotomia hori guztiz faltsua da: proiektu kolonial sionistaren eta herri palestinarraren askatasunerako borrokaren arteko talka da.
G.A.: Mendebaldeko estatuek historian zehar egin duten teknika erabili dute oraingoan ere, Hamas deabrua bailitzan irudikatu dute erresistentzia kriminalizatu eta palestinarren aurkako ekintzak justifikatu ahal izateko. Horregatik diogu genozidioa salatzea ez dela nahikoa, erresistentziarako eskubidea dute herritarrek. Horren alde posizionatu beharra dago, jarrera pasibo eta ekidistanteek Israelgo estatua legitimatzen dute. Ez dago erdibiderik, zapaltzailearen alde edo zapalduaren alde. Desagerrarazten ari diren herri baten defendatzeko eta ofentsibarako eskubidea zalantzan ari zara jartzen. Herri palestinarraren erresistentzia borrokaren alde egitea da modu bakarra Palestina askatzeko.
Badirudi Europako agintariek piezak mugitu dituztela era batera edo bestera, baina bi estatuen aldeko irakurketa egiten dute. Zuek ezinezko ikusten duzue hori. Zergatik?
G.A.: Hein handi batean herritarren presio gaitasunak eraginda, Europako zenbait estatuk Palestinaren aitortza sinbolikoa egin dute azken asteotan. Hasteko, uste dugu beraien estatuen aurpegi zuriketarako funtzioa betetzen dutela aitortza horiek. Adibidez, Espainiako Estatuaren kasuan, aitortza hori La Vuelta-n manifestariak kolpatu eta zigortzen zituen momentu berean gertatu zen; gainera, nahiz eta duela gutxi armen ustezko blokeo baten berri eman, Israelekin bestelako harremanak mantentzen segitzen du, baita estatu gisara aitortzen ere. Guk uste dugu bi estatuen soluzioa ezinezkoa dela, sionismoaren proiektu koloniala gauzatu ahal izateko beharrezkoa delako Palestinarrak hilik, errefuxiatuta eta azpiratuta izatea. Mitoak kontrakoa dioen arren, palestinar lurren kolonizazioa hasi zenean, beren identitate nazionala garatuta zeukaten Palestinarrez beteta zegoen Palestina; beraz, ordutik bertakoak sistematikoki ezabatzea izan du xede. Gainera, bi estatuen soluzioa aldarrikatzeak, ezinezkoa izateaz gain, herri baten sarraskiaren gainean eraiki den estatu bat aitortzea eta, beraz, zilegiztatzea dakar. Gure arabera, ezin da Palestinaren askatasuna aldarrikatu hura zapaltzen duten egiturak zilegiztatzen diren bitartean.
A.A.: Bai, bi estatuen irtenbidea argi dago ez dela soluzio bat ez herri palestinarrarentzat, ezta eskualdearentzat ere, proiektu kolonialaren zimentuek bere horretan jarraitzen dutelako, Israelen esentzia delako Palestina okupatzea. Argi esan du Gaizkak: bi estatuen irtenbidea, beste behin ere, Israel legitimatzeko erabiltzen ari dira. Guk uste dugu Israelek desegin egin behar duela. Eta Israelek desegin egin behar duela diogunean, Palestina deskolonizatzeaz ari gara, estatu koloniala deusezteaz. Proiektu koloniala ito egin behar da, jasanezin eta eutsiezin bihurtu behar da, eta, erortzen denean, orduan izango du herri palestinarrak, emantzipatzeko eta berreraikitzeko aukera. Ez daukagu zalantzarik: guk ere badaukagu zeregina estatu sionista ahultzen.
Israel Euskal Herrian ere hasten dela aipatu izan duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?
G.A.: Palestinarekin Elkartasuna plataformako eragileak zenbait kontsentsuren baitan elkartu ginen, eta nagusiki horrek bereizten gaitu. Israel desagerrarazteko bidean, estatu eta ideologia sionista desnormalizatu, konfrontatu eta boikoteatu behar dugu, eta Israel finantzatzen eta babesten duten konplizeen aurka borroka egin behar dugu. Euskal Herrian konplize zerrenda luzea da. Eta ez gara harreman komertzial, militar, instituzional eta kulturalez soilik ari; konplize egiten gaituzten jarrera eta posizio politikoez ere bai. Konplizitateak eta harremanak biltzen dituen txosten bat kaleratu genuen. Argitu nahi dut informazio bilketa izan dela, eta ez direla gure iturriak izan. Txosten horrek argi islatzen du Euskal Herriko aktoreak ere bete-betean daudela inplikatuta basakeria guzti honetan, eta egiteaz, asko egin lezaketela.
A.A.: Argitze aldera, desnormalizatzea diogunean, Israel estatu normal bat bezala tratatzeari uzteaz ari gara. Kontua ez da gobernu jakin bat ari dela genozidioa egiten, arazoa ez da gobernu hau ala bestea. Sarraskia ez da ari Netanyahuren gobernua eragiten, eta ez da hasi urriaren 7an; hor dago gakoa, estatu kolonial sionista bat da eta bere erraietan du palestinar herriaren suntsipena, gobernuan dagoena dagoela. Hortaz, boikota diogunean ere zentzu horretan da. Ez da enpresa edo produktu bat boikoteatzea soilik, estatu koloniala zutik mantenarazten duten konplizitate guztiak boikoteatzea da, zimentuak kolokan jarraraztea presioarekin. Hori islatzen saiatu ginen txostenean ere. Harreman eta konplizitate guzti-guztiak eten behar dira. Herri palestinarra aspalditik ari da borrokan, eta bada garaia entzun ditzagun, estatu sionista desnormalizatu dezagun eta desegitera bidean joka dezagun.
G.A.: Urola Erdian bertan ere badauzkagu Israelekin harremanak dituzten enpresak; hala nola, Xubi Group, Juaristi eta Tecnalia. Enpresa hauek seinalatu izan ditugu azken hilabeteetan, eta aurrerantzean ere horretan jarraituko dugu.
Uste duzue presiorako garrantzitsua izan dela hezkuntza arloan edota askotariko gizarte sektoreetan Palestinaren alde piztu den mobilizazioa?
A.A.: Ezinbesteko presioa izan da. Tokian tokiko mobilizazioei eta ekimenei esker, presioa eginda lortu da nolabaiteko mugimenduak eragitea zerbait gehiago egin dezakeen aktoreengan. Palestinarekiko elkartasun koordinatuak eta antolatuak lortu du hori.
"Erresistentzia antolatua bermea da, eta gu borroka horren bidelagun izan behar gara, baldintzarik gabeko elkartasuna adierazita"
Ontzidia gelditu dute bart, eta berehalakoak izan dira erreakzioak. Zuek ere mobilizatzera deitu duzue Global Sumud ontzidiaren deialdiarekin bat eginda.
G.A.: Israelek ontzidia blokeatu izana salatu nahi dugu, eta elkartartasuna adierazi ontzidiaren barruan dauden ekintzaileei. Argi ikusten da, beste behin, Israelgo estatu terrorista noraino irits daitekeen. Egunotan tokian toki deituko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin nahi dugu.
Larunbaterako mobilizazio nazionala deitu duzue Iruñean. Une berezian dator deialdia: Trumpek eta Netanyahuk egindako proposamenaren erdian, ontzidia Gazara iristear den unean... Zer mezu nabarmenduko duzue?
G.A.: Eskualdeko herritarrak larunbatean ez ezik, aurrerantzean mobilizatzera animatu nahi ditugu. Uste dugu Palestinan gertatzen ari denarekiko kezka orokor bat existitzen dela, eta hori pozgarria da. Aldi berean, ordea, uste dugu ez dela nahikoa genozidioa gelditzeko eskatzearekin, genozidioa gelditzea soilik posible izango baita hura aurrera eramaten duen entitatearen berezko izaera ulertu eta horri aurre egiteko herritarrek duten eskubidea aitortzen bada.
A.A.: Hori da. Palestinaren aldekoak diruditen adierazpenak ari dira egiten han eta hemen. Eman dezake nazioartea esnatzen ari dela, baina azpimarratu nahi dugu nazioarteak utzi duela Palestinan gertatzen ari dena gerta dadin; areago, utzi ez, nazioarteak eragin du hau guztia. Nola? Israelgo estatu sionistaren sorrera bultzatuz, urteetan palestinarrei lurrak ebasten utziz eta sustatuz, Israelgo estatu eta ideologia sionista hedatuz eta zurituz, Israel ekonomikoki eta politikoki puztuz... Eta nazioarteko agintarien jarrera ustez pasiboak edota epelak –ez da sekula pasiboa eta epela izan, aurkakoa, oso aktiboa da– eraman du Palestina osoa kasik birrintzera. Noski, nazioarteaz ari garenean, Euskal Herriko askotariko agenteez ere ari gara, esan dugu lehen ere. Erresistentziak ez balu erantzungo, ez legoke Palestinarik. Bada garaia genozidioa gelditzeko aldarria egiten dugunean zertaz ari garen argi esateko: genozidioa gelditzeko eta Palestinak aske izateko, ibaitik itsasoraino, eutsi egin behar dio, erresistentzia antolatua bermea da, eta gu borroka horren bidelagun izan behar gara, baldintzarik gabeko elkartasuna adierazita eta inperialismoaren eta kapitalismoaren bihotzetik estatu sionista ahul dezakeen edozer eginda eta gure txikitik eraginda. Beraz, norabide horretan, larunbatean Iruñera joateko deia egiten dugu.