Datorren larunbatean, urriaren 11n, Xirri Xarro dantza, musika eta kantua uztartuko dituen ikuskizuna eskainiko dute Soreasu antzokian Sahatsa dantza taldeak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Azkoitiko Iraurgi abesbatzak eta Azpeitiko Musika Bandak. 18:30ean hasiko da emanaldia. Sarrera doan da, baina aurrez gonbidapena hartu beharko da Kulturaz.eus webgunean.
Ikuskizunaren hasieran, Pirinioetako Erronkari, Aezkoa eta Orbaizeta ibarretako paisaia ederretako jotak, ttun-ttunak eta amodio istorioak interpretatuko dituzte dantzariek, abeslariek eta musikariek Soreasuko agertokian. Erromesek Orreagako Ama Birjinari egindako bisita ere irudikatuko dute, emanaldiaren alderdi sakratuan. Behin erromesaldia bukatuta, udaberria gainean dela irudikatuz, Unanuko Mamoxarroak, berriz, Katola deituriko antzinako maskarekin agertuko dira oholtzan, eta horiek beldurra zabalduko dute herritarrengan, eta euskal inauteriei emango die bide.
Udaberriarekin bat landa eremuan inspiratutako lanak eta ohiturak erakutsiko dituzte ikuskizunean. Lehen zatia amaitzeko, Sahatsak, Iraurgik, Julian Barrenetxeak eta musika bandak "konposizio azkarra eta ikusgarria" eskainiko dute, taldeetako ordezkariek azaldu dutenez.
Ikuskizunaren bigarren zatian "dotorezia" izango da nagusi", euskal konpositore klasikoei, garaikideei zein musika barrokoari tartea eskainiko diete, dantzari trebeen erakustaldiarekin. Emanaldia bukatzeko, berriz, agertokian ariko diren lau taldeek Jose Olaizola Gabarainen Oleskari zaharra operako Dantza zatiaren –Euskaldunai Zortzikoa izenez ezagunagoa da– interpretazioa eskainiko dute.
Xirri Xarro ikuskizuna iazko azaroan Azkoitian estreinatu zuen Sahatsa dantza taldeak. Ordukoan, Sahatsako dantzariez gainera, Iraurgi abesbatzakoek eta Azkoitiko Musika Bandakoek parte hartu zuten emanaldian.