Nafarroako Erremonte Txapelketako finala jokatuko du bihar Igor Agirrezabalak

Maddi Txintxurreta

Uterga eta Agirrezabala, Nafarroako erremonte txapelketako partida batean.

Erremontista azpeitiarrak Xanti Uterga nafarrarekin osatuko du bikotea, eta Otxandorena eta Otano izango dituzte parez pare. 18:00etan hasiko da pilota jardunaldia Zubiriko (Nafarroa) kiroldegian.

Igor Arrizabalaga azpeitiarrak Nafarroako Erremonte Txapelketaren 20. edizioko finala jokatuko du bihar arratsaldean. Iazko lehiaketan bezala, Xanti Uterga nafarra izango du taldekide; oraingoan, aldiz, Ontxandorena eta Otano izango dira haien aurkariak.

18:00etan hasiko da erremonte jardunaldia, Zubiriko (Nafarroa) kiroldegian. Lehenik, pilotari amateurren partida izango da, eta atzetik jokatuko du final handia Arrizabalagak. Bi hilabetez jokatu dituzte Nafarroako erremonte txapelketako partidak, eta Arrizabalagak aurrera egitea lortu du partidaz partida, finalera iristeraino.

Erremonte Fundazioak antolatzen du txapelketa, eta finalean bilduko duen dirua Adano elkartera (Nafarroan minbizia duten haurrei laguntzeko elkartea) bideratuko du. Pilotalekura doan sartu ahalko dira 16 urtetik beherako herritarrak; 16 eta 22 urte artekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta 22 urte baino gehiago dituztenek, aldiz, 10 euro.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide