Herriko ehun ekonomikoa sustatzeko laguntzetara 400.000 euro bideratuko ditu Azpeitiko Udalak. Hainbat diru laguntza emango ditu aurten ere erakundeak, eta laguntza horiek eskatzeko epea uztailetik irekita dago eta urriaren 15ean bukatuko da.
Lau laguntza lerrotan banatuta emango ditu laguntzak udalak:
1. Zerbitzuko sektoreko edo lehen sektoreko jarduerak indartzera 100.000 bideratuko ditu udalak.
2. Industria proiektu estrategikoetara edo berritzaileetara nahiz inbertsioetara –industria nahiz eraikuntza sektorean– 160.000 euro.
3. Ekintzailetasuna sustatzeko xedez, izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enplegua sortzeko ere banatuko dituzte diru laguntzak. 65.000 euro izango dira horretarako.
4. Lehen sektorean, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan nahiz industrian kontratazioak egiteko 75.000 euro eskainiko ditu udalak.
Udalaren arabera, hainbat dira ekonomiaren sustapenerako diru laguntzen helburuak: enpresak sortzea eta haztea eta enplegua sortzea; garapen eta aukera espazio berriak sortzea ekintzaileentzat eta enpresentzat; berrikuntza bultzatzea ekintzailetzan eta ekintzailetza kulturaren sustapenean; jarduera ekonomiko eta soziala sustatzea, proiektu berritzaileen bidez; herriko Alde Zaharra biziberritzea; trantsizio energetikorako laguntza ematea; eta enpresetako eta merkataritzako kontratazioak bultzatzea.
Diru laguntzen inguruko xehetasunak jakiteko nahiz eskaera orria eskuratzeko lotura honetan aurki daiteke informazioa.